Eguzkiren agurra Manu Aranbururi: "Egun handira arte, kamarada"

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 26a, 10:33
Argazkia: Eguzki.

Eguzki Euskal Herriko talde ekologista eta antinuklearrak ondoko adierazpenarekin omendu eta agurtu nahi izan du zendu berri den Manu Aranburu herrikidea.

Azken agurra Manu Aranbururi
Manu Aranburu usurbildarra hil da. Euskal Herriko mugimendu antinuklear eta ekologistako historiko edo, hobeto esan, klasiko bat izan da Manu. Egia da herrigintzako ia alor guztietan aritu dela, sindikatugintzatik memoriaraino, baina hori bezain egia da eguzki irribarretsuaren irudia inoiz ez duela falta izan bularrean, txapelan edota manifa batean astindutako banderan.

Komite Antinuklearretan ezagutu genuen eta, ondoren, Eguzkin.

1986an, Txernobilgo hondamendia grtatu berria zela, hara joan zen, behatzaile, nazioarteko misio herritar baten partaide. Handik ekarri zuen lehen eskuko informazioa ederki baliatu genuen Euskal Herrian. Kontuan izan garai hartan Lemoizko zentrala luzamendu edo moratorian zegoela, baina Garoñakoa jo eta ke ari zela. Txernobildik kanpai bat ekartzen ere saiatu zen, Urgullen ipintzeko eta urtero, hondamendiaren urteurrenean, jotzeko. Ezin izan zuen, ordea. Trukean, erradiazioen ondoroei buruzko oso erakusketa argigarria ekarri zuen, herri eta auzoetan ondo baino hobeto mugitu genuena.

Manu kezkatuta egon da planeta mehatxatzen duten gaitz handiekin, bai, baina etxe ondoko arazoak begi-bistatik inoiz galdu gabe. Alde horretatik, esango genuke Oria ibaia izan dela bere begiko ninia (nahiz eta, egia esan, haren interesen zabala ikusita, beharbada gehiegi esatea ere badela aitortzen dugun). Manu gogoratzen dugu saneamendu-gabeziei buruz Lasarte-Oriako orduko alkatearekin eztabaida publikoan; edota, denboran hain atzera egin gabe ere, Oria ertzean Uraren baimenik gabe 18 pisuko dorre bat eraiki izana agerian uzten; edota Michelinen urtegiak Abalotz errekari ura zurrupatzen diola salatzen. Manu gogoratzen dugu Ingemar, Ucin, Luzuriaga eta, jakina, erraustegiaren kutsadurarekin kezkatuta. Izan ere, bidali zigun azkenaurreko mezuan penatuta agertzen zen, orain dela egun batzuk Arkaitzerrekara antolatutako bisita gidatuan parte hartzeko moduan ez zegoelako.

Ze Manu beti “hor” egon baita, beti ekarpenak egiten, baita haizea, itxuraz behintzat, zeharo kontra zuenean ere. Gogoratzen dugu, adibidez, Donostiako Udalak enbarazo gutxien egingo zuen lekuan ipini nahi izan zuela, eta, helburu horrekin, Urgullen “bakartu” zuela. Bada, Manuk pare bat aste baino ez zuen behar izan Udalaren utzikeriaren ondorioz mendian zeuden gabeziei buruzko txosten mardula armatzeko. Izan ere, Manu non, han zegoen defendatu beharreko barrikada bat. Harentzat ez da egon barrikada txikirik edo trintxera antzurik.

Lehen Manuren azkenaurreko mezua aipatu dugu eta badakigu zuetako batzuk honez gero galdezka arituko zaretela ea zein izan ote zen azkena. Bada, azkena aste honetan bertan ateratako bideo bat izan da, olatuak Pasealeku Berriaren kontra oldartzen erakusten dituena. Ez galdetu oso ondo zergatik, baina esango genuke irudi horiek badutela zerikusia ezagutu dugun Manu nekaezinarekin.

Egun handira arte, kamarada.

EGUZKI, 2022ko azaroaren 25ean

Bihoakie etxekoei eta gertuenekoei Eguzkikoon dolurik sentituena. Azken agurra bihar larunbatean eskainiko zaio, 12etan, Usurbilgo tanatorioan.

Erlazionatuak

Manu Aranburu Agirre zendu da

Noaua Aldizkaria 2022 aza 25 Usurbil