NOAUA! Udaren hasieran NOAUA!ren enkargua jaso zenuen: gaztetxoentzako ipuin bat osatzea. Nola hartu zenuen proposamena eta nolakoa izan da ‘Axarko’ plazaratu arteko bidea?
Ainara Azpiazu Aduriz ‘Axpi’: Pozez hartu nuen, denbora tarte majoa eskaini zenidatelako. Hori oso garrantzitsua da gauzak nahi bezain ondo egiteko. Proposamena jaso bezain pronto, ipuina Usurbilekin lotzeko ideia etorri zitzaidan burura. Bestetik, baditut gai batzuk horrelakoetan jorratu nahi izaten ditudanak. Natura, bertako landaretza eta bertako fauna. Andatza inguruan bizi den kuadrilla batekin zerbait egitea otu zitzaidan eta hortik sortu da Axarkoren abentura.
Horrelako argitalpenak lau eskutara egiten dira maiz. Idatzitakoa margotzeko joera egon ohi da. Kasu honetan ere hala izan al da? Ala margotutakoak ere baldintzatu ote du narrazioaren norabidea?
Bide hori izaten da ohikoena, baina nire burutik istorio bat pasatzen da eta gero erabakitzen joaten naiz zer joango den hitzetan eta zer joango den irudietan. Nik ez nuke jakingo esaten non hasten den gidoia eta non hasten den ilustrazio lana.
Bata bestearen osagarri da, hortaz.
Irudia ere ‘irakurri’ behar izatea garrantzitsua dela uste dut. Irudia ez dadila apaingarri hutsa izan. Beraz, ezin duzu dena hitzekin kontatu. Zerbait utzi behar diozu irudiari. Geruza gehiago ditu irudiak eta, behin eta berriz irakurri ondoren, ikusiko dituzu hasieran ikusi ez dituzunak.
Ilustrazioek ere hitz egiten dutela esan nahi duzu.
Ilustrazioaren eta arte plastikoaren arteko ezberdintasun nagusietako bat hori da. Ilustrazioak irakurtzeko sortutako irudiak dira.
‘Axarko’, Andatza inguruan bizi den kuadrilla baten lehen abentura
Axarko azeria da protagonista nagusia eta margotzea maite du. Zure alter egoa dela esan al daiteke? Alegia, Axarko bezalaxe, zu ere petralduta, purrustaka eta etsita sentitzen al zara tarteka?
Izan daiteke, bai. Ipuin hau oso erraz sortu zitzaidan baina beste batzuetan trabatu egiten zait. Trabatu eta ezin aurrera egin. Horrelakoetan, dena utzi eta mendira joaten naiz buelta bat ematera. Krisi horiek ere lanbidearen parte dira.
Ainara Azpiazu 'Axpi'
"Jabetza kontzeptua luzatu diogu munduari eta denaren jabe sentitzen garela dirudi. Baina noiztik gara gu denaren jabe? Noiz asmatu genuen hori?
Axarkorentzat pizgarria izango da basotik herrira jaistea. Zuretzat aldiz, herritik basora joatea izango da motibagarria, ezta?
Ainara Azpiazu ‘Axpi’: Bai, nire pizgarri handienetako bat hori da. Eta erriora joatea ere bai. Egunero joaten naiz errioari kasu egitera. Musika entzutea ere izan daiteke, baina barruan lan egiten dudanez, kanpora ateratzeak on egiten dit; mendira joateak edota bizikletan paseo bat emateak. Kontenplazioarekin lotutako zerbait. Burua eta zentzumenak marrazketarekin zerikusirik ez duten beste zerbaitetan jartzeak asko laguntzen dit.
Ipuinean esaldi hau jaso duzu: “Ez dira gizakiak, ordea, inguru hauetako biztanle bakarrak”.
Umetan, etxe batean bizi ginen denak, aiton-amonekin batera, eta animalien gainean hizketan tertulia luzeak egiten genituen. Naturak presentzia handia zuen gure tertulietan eta, gaur egun, iruditzen zait gizakia gizakiari begira bizi dela. Eta horrek gezurretazko kosmobisio bat ematen duela esango nuke. Ez delako zuzena. Jabetza kontzeptua luzatu diogu munduari eta denaren jabe sentitzen garela dirudi. Baina noiztik gara gu denaren jabe? Noiz asmatu genuen hori? Ez bagara oreka batean bizitzen naturarekin eta animaliekin, gaizki ibiliko gara...