Eguberriak

Galtzagorrien eskutik iritsiko dira Olentzero eta Maridomingi

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 22a, 17:04

Gabonetako ikazkin maiteena noiz iritsiko zain dira gaztetxoak. Abenduaren 23an pasatuko da Aginagatik. 18:00k aldera, Sekañako bidegurutze inguruan egongo da menditik etorritako Olentzero, eta bertatik, Eliza Zaharrerako bidea egingo du. Eliza Zaharrean, haur eta gaztetxoek aukera izango dute eskutitzak zuzenean ikazkinari emateko.

 

Usurbildik abenduaren 24an

Usurbila abenduaren 24an etorriko da Maridomingirekin batera, Kalezartik barrena. Kaxkorako bidea hartuko dute gero, 17:00k aldera. Ibilbidea hau izango da: Errekatxiki, Bordaberri, Puntapax, frontoia.

Olentzero eta Maridomingi herriko kaleetan zehar ibiliko dira, galtzagorriak lagun dituztela, haurrak agurtu eta haien ahotik aurtengorako nahiak eta eskaerak jasotzeko. 18:00ak aldera iritsiko dira Dema plazara. Ondoren mendira itzuliko dira, gauean haurrei opariak emateko garaiz ibiltzeko.

 

Aginagan, Santuenean eta Zubietan

Abenduaren 24an, Olentzero Usurbila etorri baino lehen, Aginagan kantu-jira osatuko dute etxez etxe elizatik abiatuta. Goizeko 9:00etan izango da hori, eta 15:00ak aldera, Aginagako Kaxkoan izango dira. Santuenean ere, goizean zehar kantari ibiliko dira.

Zubietan arratsaldeko 16:00etan kantu eskea antolatu du herritar talde batek. Artzabaletatik abiatuko dira.