Oporretan murgilduak egongo dira ordurako. Bi asteko atsedenaldi honi begira hainbat ekintza antolatu dira herrian haur eta gazteentzat. Ziortzaren San Tomas festaz gain....
Olentzeroren etorrera
Aginagara etorriko da lehenbizi ostiral honetan, 18:00etan Sekaña paretik Eliza Zaharrerantz jaitsiko da haurren gutunak jasotzera. Bihar, Kalezartik Kaleberrira jaitsiko da 17:00etan. Haur Eskola paretik auzunea zeharkatu eta handik beherantz Errekatxiki, Bordaberri eta Puntapax kaleak zeharkatuko ditu. Dema plazan egingo zaio azken harrera ekitaldia.
Gabonetako Haur Parkea
Jauzika ibili, tailerretan parte hartu... Jolastu eta primeran pasa finean. Usurbilgo Udalak Gabonetako Haur Parkea zabalduko du aurten ere Oiardo Kiroldegian, abenduaren 26tik 28ra, 2-12 urte artekoentzat, ordutegi honetan: 11:00-13:00/16:30-19:30.
Gaztelekutik Txuri Urdinera
Abenduaren 26an eta 29an irteera bana antolatu dute arratsalde partean, 16:00-21:00 artean, Gaztelekutik Donostiako Txuri Urdinera. Irteeretan parte hartzeko guraso baimenak Gaztelekuan jaso behar dira. Informazio gehiagorako: gaztelekua@usurbil.eus / 943 371 050.
Mirotzen omeneko eskubaloi txapelketa
Bi urteko etenaldiaren ostean, bueltan dator Mirotzen omeneko eskubaloi txapelketa Oiardo Kiroldegira. Abenduaren 30ean izango da; infantil mailako taldeak lehian jarriko ditu 9:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte.
Hurbilago San Silbestre herri lasterketa
Urtea herri merkataritza eta ostalaritzaren alde agurtzeko aukera izango dute gaztetxoek ere, Hurbilagoren eskutik, abenduaren 31n. 17:00etan abiatuko da lasterketa frontoitik.
Erregeen kabalgata
Gabonen amaiera, erregeen etorrerak borobilduko du. Kabalgata ospatuko da ohi bezala, urtarrilaren 5ean. Goizean (11:30etan hasita) gutun bilketa laguntzaileen eskutik frontoian. 17:00etan hasita kabalgata Urdaiagatik behera. 19:00ak aldera harrera frontoian.