Eguberriak

Ohiko errege kabalgata bueltan da

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 23a, 19:47

Ziortza Gazte Elkarteak urtero Errege Egun Bezperan antolatzen duen kabalgata ohikora itzuliko da aurten bi urtetan ahal moduan egin ostean. Goizeko ekitaldia zein arratsaldeko errege kabalgataz ohiko moduan gozatzeko aukera izango da aurten.

Hilaren 5ean, erregeen laguntzaileak eta postaria herriko frontoian izango dira goizean zehar haurren gutunak jaso eta urte berriko planez hitz egin zein joan zen urtean izandako jarrerari buruz hitz egiteko. 11:30 aldera iritsiko dira frontoira, eta bertan egongo dira eguerdi arte. Ondoren, arratsaldean, laguntzaileak eta postaria erregeekin elkartuko dira gauean ekarri beharko dituzten oparien zerrendak emateko.

 

Kabalgata Urdaiagatik abiatuko da arratsaldeko 17:00etan

Errege kabalgata, berriz, 17:00etan abiatuko da Urdaiagatik. Laguntzaile mordoa izango dituzte erregeek eta zaldiz egingo dute bidea urtero legez. 19:00 aldera iritsiko dira frontoira eta bertan haurrekin gertutik egoteko aukera izango dute, bai eta mezuren bat edo beste emateko ere.