Kantuan agurtu dute urtea Aginagako eta Zubietako eskolek

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 23a, 14:38

Oporretara joan aurretik kantuan atera dira plazara Aginagako eta Zubietako eskolako kideak ostiral goiz honetan.

Atzo Udarregi Ikastolakoak, ostiral honetan Aginagako eta Zubietako eskolen txanda. Oporretara joan aurretik, kalejiran irten dira giro ezin ederragoan, haur eta gaztetxo, senide eta ikastetxeotako langileak. Aginagan herri erdiguneari itzulia eman diote. Etxez etxe aritu dira kantu eskean. Abenduaren 18ko San Tomas azokan jarri zuten postuarekin egin bezala, gaur bildutako laguntza, ikasturte amaieran egin nahi duten txangorako garraio zerbitzuaren gastuei aurre egitera bideratuko dute.

Gabon kantuen artean, bertsotarako tartea hartu dute baita Markel Eizagirrerekin. Bertsolaritza lantzen dute eskolan bertan eta gaurkorako, etxez etxe kantatzen aritu diren kopla ederrak landu dituzte Aginagan barrena egin duten birarako. Itzulia, Arraten hamaiketako goxo batekin borobildu dute.  Arratsaldean segiko dute gabonetako ospakizunek, Olentzeroren etorrerarekin.

Eskolaz kanpoko ekintzen erakusleiho
Aginagan 10:30ak aldera hasi duten bira amaitzerako irten dira Zubietako eskolako kideak. Eguerdiko 12:00ak jota abiatu dira ikastetxetik kalejiran errebote plazarantz. Errebote plazan urte garai honi lotutako emanaldi ederra eskaini dute. Kantuan eta dantzan egin diete harrera jada gure artean diren eguberriei, senide eta lagunen aurrean. Abesti sorta bat kantatu ostean, eskolaz kanpoko ekintzetako parte hartzaileek hilabeteotan landutakoaren erakusleihoan bilakatu dute errebote plaza. Hamaiketako ederra dastatuz amaitzekoak zuten goiz parteko festa.

Atzo Udarregikoek egin bezala, Aginagako eta Zubietako eskolako kideak merezitako oporraldian murgilduko dira gaurtik. Urtarrilaren 9an itzuliko dira ikasgeletara.

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Erlazionatuak