Hiru onuradun, Hasiz Hazi dirulaguntza deialdian

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 17a, 10:12

Kabiene elkarlan gunean urtebetez ekintzaileei eskuartean dituzten proiektuak garatzea ahalbidetzen dien dirulaguntza lerroari lotutako ebazpena kaleratu du Usurbilgo Udalak. 

Enplegua sustatzera bideraturiko "Auzolanberri IV" programaren eta lokal komertzial hutsetan jarduera ekonomiko berri bat abian jartzeko Usurbilgo Udalaren dirulaguntza ebazpenen berri jaso genuen asteleheneko, urtarrilaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren (GAO) bidez. Biharamun honetan, Hasiz Hazi lerroari lotutako ebazpena kaleratu du Udalak hedabide berean, hilaren 17ko GAO-n hain zuzen. Gogoan izan, Kabiene elkarlan-gunean urtebetez proiektu bat garatzeko aukera ematen die dirulaguntza honek ekintzaileei. "Dirulaguntza honen bitartez enpresa proiektu berri bat garatzen ari diren pertsonei edo JEZ alta emanda egon eta lan egiteko leku bat behar duten pertsonei urtebeteko egonaldia ordainduko zaio Kabiene elkarteak duen elkarlan-gunean, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izan dezaten".

Aurreko urteen ildotik, iaz ere bi epe finkatu zituzten eskaerak aurkezteko. Lehenengoa, maiatzaren 31ra arte, baina ez zen eskabiderik aurkeztu. BIgarrena, irailaren 30era arte. Kasu honetan bai, "lehen urterako bi eskaera berri jaso dira urtebeterako egonaldirako eskubidea dutenak. Eta bigarren urteko egonaldirako eskaera bat jaso da Hasiz Hazi oinarrietako 6. artikuluan zehazten den eskubidea baliatuz".

Urtebeteko egonaldirako gehienez 1.089 euroko laguntza jasoko dute aurtengoan hiru ekintzaileek.