NOAUA! Iazko maiatzean eginiko lehen bilkuratik hona, zer nolako ibilbidea osatu duzue?
Alazne Arruti: Udalak ikusi nahi zuen ea herrian borondaterik ba ote zen horrelako proiektu bat sustatzeko. Lehen bilera hura egin genuen jendearen erantzuna zein izan zitekeen ikusteko. Hainbatek izena eman zuten eta horiekin beste bilera bat egin genuen gaia kokatu, asmoak aztertu eta aurrera begira nola antolatuko ginen erabakitzeko. Goienerrek laguntza eskaini digu prozesu honetan. Ni Goiener kooperatibako langilea naiz baina herritar gisa ere ekimen honetan parte hartzen ari naiz. Saioz saio gai ezberdinak landu ditugu. Hiru lantalde sortu ditugu. Bat, alderdi juridikoa eta administratiboa lantzeko. Beste bat, proiektuen arlo teknikoaz arduratzeko. Eta hirugarrena, komunikazio lanak bideratzeko. Ia urtebeteko prozesua izan da eta orain berriki hamabosgarren bilera egin dugu. Gaiek eskatu ahala antolatu ditugu bilerak.
Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatiba aritu da prozesu hau dinamizatzen. Zein izan da Goienerrek bete duen papera?
A. B.: Talde eragile bat sortu eta urtebeteko prozesu baten ondoren komunitateari figura juridiko bat ematea, beti ere taldeak hala erabakiko balu. Hori zen helburua. Horretarako kooperatiben inguruko saioak antolatu ditugu, energia berriztagarriek eskaintzen dituzten aukerak aztertu ditugu, pobrezia energetikoaz jardun dugu... Goienerrek dinamizazio lana egin du baina arlo honetan Elhuyar ere bidelagun izan dugu. Azkeneko saioetan proiektua identifikatzen hasi gara eta komunitatearen beraren bideragarritasuna aztertu dugu.
“Ez dugu etxeko kontsumoan bakarrik erreparatuko”
NOAUA! Tankera honetako komunitateetan, etxeko kontsumoarekin kezkatuta dauden herritarrak irudikatzen ditugu. Enpresak, saltokiak edota instituzioak ere izan daitezke egitasmo honen partehartzaileak. Komunitatearen egitasmora batu diren horien profila zein da?
Itxaso Santxez: Nik uste dut indibidualki oso espektro zabaleko jendea hurbildu zaigula. Enpresen aldetik aldiz, ez zaizkigu talde asko batu oraingoz. Elhuyar eta Alkartasuna Kooperatiba. Batzuk arlo teknikotik heldu zaizkigu, beste batzuk ezinegonak bultzatuta animatu dira, etxeko fakturengatik kezkatuta daudelako... Energia berriztagarrien komunitateak ez du etxeko kontsumoan bakarrik erreparatuko, bestelako kezka batzuk ere bultzatu gaituzte partehartzera: pobrezia energetikoa, eraginkotasun energetikoa... Adinez ere nahiko ezberdinak gara. Gehienak helduak dira, ni naiz gazteena.
Pello Aranburu: Energiak orohar kezkatu egiten gaituela esango nuke. Sorreratik bertatik, kontsumitzen dugun energia berriztagarria den ala ez den; energia kantitatearen eta prezioen igoeraren arteko lotura zein den; energia asko behar duen gizartea garela eta horrek ez lukeela horrela izan behar... Kezka horiek dira nagusiki.
A.B.: Mugikortasunaz ere dezente hitz egin dugu.
I.S.: Azken batean, denoi eragiten digun gai bat da. Baina zaila delakoan edo, beti beste batzuen esku utzi izan dugu. Covid-aren eta Ukrainako krisien ondoren ordea, esango nuke herritarrak gero eta gehiago mugitzen hasi garela eta konturatzen hasita gaudela guk ere eskumenik izan dezakegula kontu hauetan guztietan.
“Azken urteotan boom handia eman da”
NOAUA! Itxaso, zuk eguzki-instalazio fotovoltaikoak egiten dituen enpresa batean egiten duzu lan. Gero eta gehiago dira horrelako egitasmoen alde egiten duten herritarrak eta enpresak, ezta?
Itxaso Santxez: Azken urteetan boom handia eman da instalazio fotovoltaikoen alorrean. Enpresetan piztu du interesik handiena, diru-laguntza handiak ematen dituztelako. Onura handiak nabaritzen dituzte fakturan. Azken aldian lan pila batekin gabiltza, interesatu asko daudelako.
Itxasok aipatu duen boom hori Goienerren ere nabaritu al da?
Alazne Arruti: 2019tik hona gorakada nabarmen bat nabaritu dugu. Lege aldaketa bat eman zen garai horretan, autokontsumoari lotuta, eta orduantxe hasi zen jendea mugitzen. Azken urtean fakturetan nabaritu dugun gorakadak ere zerikusi handia izan du, jendea bide hauek hartzera bultzatu duelako. Instalazio partekatuetarako joera ari da nabarmentzen azken boladan; lehen bakoitzak bere etxerako jartzen zituen, baina orain aukera dago hori banatzeko eta hori paradigma aldaketa handia izan da. Energia komunitateetan ere eredu hau ari da nagusitzen.
Energia Berriztagarrien Komunitatea osatzeko hainbat herritar ari zarete lanean. Martxoaren 21erako bilera deialdia egin duzue, arratsaldeko 19:00etan Potxoenean batzeko. Zein da bilera honen helburua?
Pello Aranburu: Kooperatiba bat sortzera goaz. Beraz, lehenagotik ere bileretan parte hartu duen jendeari deia luzatuko diogu, kooperatiban parte hartu nahi duten horiek identifikatu eta interesa agertzen dutenen artean kooperatiba legeztatzeko. Hori da bileraren helburua.
A. A.: Azken aldian hamar bat pertsona aritu gara lanean eta orain arte egindakoaren berri ere emango dugu.
“Bilera irekia da”
Izango da aurreko bileretara agertu ez baina interesa izan dezakeen herritarrik. Potxoeneara bertaratu daiteke martxoaren 21ean?
A. A.: Bilera irekia da. Aurreko bileretan partehartu ez dutenek ere ateak zabalik izango dituzte. Udalaren web orrialdean bada egitasmo honen inguruko informazioa eta harremanetarako posta elektronikoa ere badaukagu, info@ebkusurbil.eus, norbaitek idatzi nahiko baligu.
Martxoaren 21eko bileraren ondoren, baduzue ekimen zehatzik aurreikusita?
P. A.: Energia Berriztagarrien Komunitateari izaera juridikoa emango dion kooperatibaren sorreran jarriko ditugu indarrak. Baina horretaz gain, kooperatiba honen lehen proiektua zehaztuta daukagu eta horren berri ere emango dugu.
Proiektu horren inguruko zehaztasunik ematerik ba al duzue?
A. A.: Autokontsumo partekatuan oinarritutako proiektu bat izango da eta Udalarekin harremanetan gaude estalki publiko bat baliatu nahi dugulako.