Hauteskunde giro betean murgiltzera goaz asteotan. Maiatzaren 28an izango dira udal eta foru hauteskundeak. Gogoan izan, Usurbilgo udalbatza osatzen duten hiru taldeetako zerrendaburuak aurreko hilabeteotan eman dituzte ezagutzera. Usurbilgo EHBilduk beste urrats bat emango du orain. Zerrendaburua nor izango den ezagutarazi zuen otsailean; Agurtzane Solaberrieta Mesa izango da, egungo alkatea. Herri honen gidaritzaz arduratzeko bigarren legealdirako hautagai gisa aurkeztu zuen jendaurrean koalizioak iragan martxoaren 18an.
Aipatu moduan, orain, zerrenda hori osatuko duten gainerako kideak ezagutzeko aukera izango da. Usurbilgo EHBilduk hautagaien zerrenda osoa aurkezteko ekitaldia antolatu du astebete barru, apirilaren 21ean, arratsaldeko 18:30etan Mikel Laboa plazan. "Datorren ostiralean datozen udal hauteskundeetarako EHBilduren ekipoa aurkeztuko dugu!", iragarri du EHBilduk sare sozialen bidez. Zerrendaburua den egungo alkateak aurreratu duenez, "oso pozik datorren legealdirako osatu dugun zerrendarekin: eskarmentua, herrigintza, gaztetasuna eta gertutasuna uztartzen ditu, eta, batez ere, ilusioa eta gogoa herri hobeagoa eraikitzen jarraitzeko. Zatoz aurkezpenera!", egin die gonbita herritarrei.