Ernairen asanblada gaur, Aitor eta Galder gazteen espetxeratze aginduen bueltan

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 25a, 11:25

Aitor eta Galder gazteen absoluzioa eskatzeko 2022ko urtarrilean Ernaik eginiko mobilizazioa.

Usurbilgo Ernaik asanblada irekia deitu du astearte honetarako, apirilaren 25erako, arratsaldeko 20:30etan Artzabalen duten Gazte Lokalean.

"Aitor eta Galder edozein momentutan espetxeratuak izan daitezke apirilaren 26tik aurrera. Egoeraren berri izateko" deitu dute hitzordua, beste behin bi gazteon askatasuna galdegitearekin batera. "Absoluzioa besterik ez! Aitor eta Galder aske!", aldarrikatu dute sare sozialen bidez zabaldu duten deialdian. 

Ez da bi gazteon absoluzioa aldarrikatu duten lehen aldia. Albiste honi atxikitako argazkia, 2022ko urtarrilekoa da. Mobilizazioa egin zuen orduan Ernaik Dema plazan, "Aitor eta Galder aske! Euskal gazteria aurrera!", Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren absoluzioa eskatzeko eta biei elkartasuna adierazteko. Egun haietan, "edozein uneetan jaso dezaketen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren zain" ziren biak. Elkarretaratzean bildutakoek argi adierazi zutenez, "gazteok ez dugu absoluzioa ez den beste epairik onartuko".

"Ez da soilik bi euskal gazte militante konprometituren kontrako erasoa"
Orduko hartan gogorarazi zuten moduan, "2019ko otsailaren 7an Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu zituen Ertzaintzak Gasteiz eta Amurrion. Kartzelaratuak izan eta urte bereko udaran baldintzapeko askatasunean atera ziren, 6.000 euroko bermea ordaindu ondoren". Bi urte beranduago, "2021eko urtarrilaren 21 eta 22an Espainiako Auzitegi Nazionalean ospatutako epaiketan 4 urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zieten. Abokatuek eta fiskalak errekurtsoa jarri ostean, une honetan askatasunean daude, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren zain". 

Egoera honen aurrean azken urteotan Ernaik salatu du, "argi daukagu ez dela soilik bi euskal gazte militante konprometituren kontrako erasoa, baizik eta bakea eta askatasunaren bidea egunez eguneko lanarekin eraikitzen ari den Herri baten kontrakoa. Errezeta zaharren bidez, gaurko Euskal Herria eraikitzen ari garenon kontrako eraso moduan ulertu behar dugu".