Azken osoko bilkura

Aldaketa ordenantza fiskaletan, Udalak Haur Eskolako kuoten %62 bere gain hartzeko

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 31a, 11:06

2023ko ordenantza fiskaletan onartuak zituzten Haur Eskolako prezioak aldatzea erabaki zuten iragan asteko osoko bilkuran.

Eusko Jaurlaritzak Haur Eskolen doakotasuna iragarri zuen datorren 2023-24 ikasturtetik aurrera. Doakotasuna nola bermatu, finantzatuko zuten ez ordea. Ez behintzat guztientzat. EAE mailan udal titulartasuneko hamahiru Haur Eskola daude, tartean Usurbilgoa. Testuinguru horretan, Udalak  informazio eske aritu da azken hilabeteotan han eta hemen, erantzun argirik ez du jaso ordea. Jaurlaritzak eginiko planteamenduarekin bat egin zuen udal gobernu taldeak.  Gai honen eskumena Jaurlaritzarena izan arren, apirilean Sutegin deitu zuen bileran iragarri moduan, eta iragan astean onartu zutenez, orain arte gurasoek ordaintzen zuten kuotaren %62aren finantzaketa bere gain hartuko du Udalak datorren ikasturtean, "udal Haur Eskolako erabiltzaileen mesedetan".

Horretarako, aurtengorako onartuak dituen ordenantza fiskaletan aldaketa bat txertatzea proposatu zuen udal gobernu taldeak legealdi amaierako pasa den asteko osoko bilkuran; zehazkiago esanda, "zerbitzuak eskaini edo udal jarduerak burutzeagatiko prezio publikoak arautzen dituen eranskineko C atala aldatzea" onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz EHBilduren udal ordezkarien babesarekin, EAJ-koek abstenitzea erabaki zuten. Erabaki hau 30 egunez jendaurrean jarriko du Udalak.

Behin-behineko erabakia
Aldaketa horrek Haur Eskolako kuotaren %62 Udalak bere gain hartzea ahalbidetuko du. Bestela esanda, 2023rako onarturiko Haur Eskolako prezioa publikoa %62 murriztuko da familientzat. Horretarako, 120.000-125.000 euro gehiago bideratzea aurreikusia du Udalak. Aurtengo nahiz datorren 2024ko udal aurrekontuari eragingo dio erabaki horrek.

Sutegiko bileran adierazitakoa gogorarazi zuten berriz udal gobernu taldetik. Alegia, datorren ikasturterako soilik hartuko den neurria da honako hau. Irailetik aurrera, 2024-25 ikasturterako dauden aukerez hausnartu eta erabaki beharko dela adierazi zuten.

Hirilurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga arautzen duen artikuluaren aldaketa
Osoko bilkura berean 2023ko ordenantza fiskalen baitan, "Hirilurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga arautzen duen 7. artikulua aldatzea" ere onartu zuten iragan asteko osoko bilkuran, hasieraz eta gehiengo osoz, EHBilduren aldeko bozkekin, EAJ abstenituta. Aurrekoa bezala, erabaki hau ere hilabetez jendaurrean jarriko du Udalak. 

Aldaketa honen zergatia 2021. urte amaieran Foru Aldundiak onartutako zerga honi buruzko foru arau bati lotua dago, "Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziara egokitzen duena. Egokitzapen horrek eragina izan zuen, besteak beste, aipatutako 16/1989 Foru Arauaren 4.3 artikuluan, zerga horretan aplikatu beharreko gehieneko koefizenteei buruzkoan". Koefiziente hauek urtero eguneratu ditzake Foru Aldundiak, Udalak ordenantza fiskalak onartu ostean. Horregatik, udalbatzak onarturiko aldaketa honekin "saihestu nahi da Udalak ordenantza bi aldiz izapidetu behar izatea".

Zerga informazioaren trukea
Zerga kontuei lotutako beste erabaki bat ere hartu zuten azken osoko bilkuran; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailaren eta Usurbilgo Udalaren arteko zerga informazioa trukatzeko esparru hitzarmenera atxikitzea onartzea aho batez.