"Norberak erabakiz eta guztiok gozatuz, sor ditzagun festak guztiontzako espazio seguru eta gozamen iturri". Eraso matxistarik gabeko jaiak helburu, hainbat ekimen iragarri dituzte hastear ditugun Usurbilgo jaiotarako, Kafe Tertulia neska* gazteen talde feministak, Xauxar Txosna Batzordeak eta Usurbilgo Udalak. Batetik, sexu erasoen aurkako gida banatu dute. Bigarrenik, gerta daitezkeen eraso matxistei aurre egiteko eskuhartze protokolo bat ere landu dute. Azkenik, Emagin elkarteak puntu morea edo indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko du bi egunez.
Ekimen guztiok ekainaren 16an aurkeztu zituzten agerraldi bidez.
Indarkeria sexistarik gabeko gunea
Egunak: ekainak 30, uztailak 1.
Tokia: Mikel Laboa plazan.
Ordutegia: 17:00/22:00 (ekainak 30), 17:00-03:00 (uztailak 1).
Nola lagundu eraso egin diotenari?
-Ez ezazu epaitu.
-Ez da balorazioak egiteko momentua, ez gertatutakoari garrantzia kentzekoa, ezta biktimaren hitza zalantzan jartzen duten galderak egitekoa ere.
-Ez ezazu behartu edo derrigortu. Honakoak saihestu: "Salatu egin behar duzu", "Zer gertatu da?", "Nor izan da?".
-Ez ezazu bakarrik utzi.
-Ez erabakirik hartu galdetu gabe.
-Ez ezazu gertatutakoari buruzko daturik ezta informaziorik zabaldu, aldez aurretik biktimari nola eragingo dion pentsatu gabe.
-Eskatu iezaiozu bere iritzia, zerbitzuren batera deitu edo bestelako pausoren bat eman aurretik.
-Enpatia, elkartasuna eta ulermena azaldu.
-Azal iezaiozu eraso bat bera ere ez dagoela justifikatua eta berak egindako ezerk ez duela gertatutakoan eragin. Honako mezuak indartu: "Nola zaude?", "Zertan lagun zaitzaket?", "Zuk ez duzu ezer txarrik egin".
-Berak behar duen denbora eta erabakiak errespetatu.
-Saiatu zaitez bere konfiantzazkoa den norbait aurkitzen, berarekin egon dadin. Aurkitzen ez baduzu, behar duen bitartean berarekin gelditu.
Sexu eraso/bortxaketaren aurrean
-Nahiz eta une horretan gertatutakoa salatuko duen oraindik ez jakin, adierazi garbitzen, jaten, edaten edo arropaz aldatzen bada, frogak ezaba ditzakeela.
-Zaurituta balego eta medikuaren arta beharko balu, jakinarazi larrialdietako zerbitzu medikuek auzitegietara parte bat bidaltzeko betebeharra dutela.
Telefono zenbakiak:
Udaltzaingoa: 943 361 112.
Usurbilgo Udaleko Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuak: 943 377 110 (goizez).
SOS Deiak: 112.
Gizarte Larrialdietarako Zerbitzua, Gipuzkoako Foru Aldundia: 943 22 44 11 (7:00-21:00)
Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen arreta, SATEVI: 900 840 111 (24 orduz)