Festa giroa eten egin dute Santixabel egun honetan ezinbestean. Jaiotan izan diren eraso matxistak salatzeko elkarretaratzea deitu dute Usurbilgo Udalak, Kafe Tertulia neska* gazteen talde feministak eta Xauxar Txosna Batzordeak igande arratsalde honetan Mikel Laboa plazan.
Eragileok hain zuzen, erasorik gabeko festak helburu, jai hauei begirako protokoloa landua zuten. Santixabelen atarian aurkeztu zuten agerraldi bidez gaurko mobilizazioa egingo duten plaza berean. Hiru ekimen iragarri zituzten; batetik, sexu erasoen aurkako gida banatu zuten. Bigarrenik, gerta zitezkeen eraso matxistei aurre egiteko eskuhartze protokolo bat ere prestatu zuten. Gai honen inguruko lanketa egin zuten bai tabernariekin baita txosnen eremuan lan egiten ari direnekin ere. Batean zein bestean gerta zitezkeen erasoen aurrean, bai lanean daudenek baita barraz bestalde jaiez gozatzen ari diren herritarrek nola jokatu zehazten duten kartelak jarri dituzte baita.
Azkenik, ekimen hauei, Sagardo Egunean eta baita iazko jaietan ere Emagin elkarteak jarritako puntu morea batu behar zaie. Albiste honi atxikita duzuen irudian ikus dezakezuen moduan, Sutegi atarian jarri dute azken bi gauotan.
Nola lagundu eraso egin diotenari?
-Ez ezazu epaitu.
-Ez da balorazioak egiteko momentua, ez gertatutakoari garrantzia kentzekoa, ezta biktimaren hitza zalantzan jartzen duten galderak egitekoa ere.
-Ez ezazu behartu edo derrigortu. Honakoak saihestu: "Salatu egin behar duzu", "Zer gertatu da?", "Nor izan da?".
-Ez ezazu bakarrik utzi.
-Ez erabakirik hartu galdetu gabe.
-Ez ezazu gertatutakoari buruzko daturik ezta informaziorik zabaldu, aldez aurretik biktimari nola eragingo dion pentsatu gabe.
-Eskatu iezaiozu bere iritzia, zerbitzuren batera deitu edo bestelako pausoren bat eman aurretik.
-Enpatia, elkartasuna eta ulermena azaldu.
-Azal iezaiozu eraso bat bera ere ez dagoela justifikatua eta berak egindako ezerk ez duela gertatutakoan eragin. Honako mezuak indartu: "Nola zaude?", "Zertan lagun zaitzaket?", "Zuk ez duzu ezer txarrik egin".
-Berak behar duen denbora eta erabakiak errespetatu.
-Saiatu zaitez bere konfiantzazkoa den norbait aurkitzen, berarekin egon dadin. Aurkitzen ez baduzu, behar duen bitartean berarekin gelditu.
Sexu eraso/bortxaketaren aurrean
-Nahiz eta une horretan gertatutakoa salatuko duen oraindik ez jakin, adierazi garbitzen, jaten, edaten edo arropaz aldatzen bada, frogak ezaba ditzakeela.
-Zaurituta balego eta medikuaren arta beharko balu, jakinarazi larrialdietako zerbitzu medikuek auzitegietara parte bat bidaltzeko betebeharra dutela.
Telefono zenbakiak:
Udaltzaingoa: 943 361 112.
Usurbilgo Udaleko Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuak: 943 377 110 (goizez).
SOS Deiak: 112.
Gizarte Larrialdietarako Zerbitzua, Gipuzkoako Foru Aldundia: 943 22 44 11 (7:00-21:00)
Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen arreta, SATEVI: 900 840 111 (24 orduz)