Atzera begira

Masustak ere bazuen jaki hau goresteko kofradia Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 1a, 11:06

2007. urtetik 2019ra urtero masustari gorazarre egiten zion kofradia izan zuen Usurbilek.

Duela lau hamarkadatik baba beltz txikia omentzen eta sustatzen duen Usurbilgo kofradia batu da urtero moduan, abuztuko azken ostegun honetan Saizar sagardotegian. Biharamun honetan, iraileko lehen ostiral honetan batuko zen herriko hainbat emakume elkartu izan dituen kofradia; masustari gorazarre egiten ziona. 2007an sortu zuten Txirristran bost lagunek. Ordutik, urtero elkartu ziren 2019. urtera arte. Aipatu moduan, lehen ostiraletan Txirristran hainbat urteetan, gerora Artzabal jatetxean, afari eder baten bueltan.

Otorduak noski, osagai nagusi bat izaten zuen; masusta. Hitzorduan zehar, urtebete lehenago iragarritako kofradegaia aurkeztu eta denek masustaren koloreko kapak janzten zituzten. Masusta zuten protagonista bilkura hauetan, eta haren onuren berri ematen zuten adierazpena irakurtzen zuten. Eta noski, kofradekide berria izendatzen zuten, urtebete beranduago egingo zen ediziorako hautagai berria proposatzearekin batera. 

Afaria giro ederrean egiten zuten, kantua bidelagun zutela. Eta masustari gorazarre egiteko ereserki hau kantatzen zuten. Segidan duzue letra, baita azken aldiz abestu zuten unea bideoz jasoa. 2019an batu ziren azkenekoz Artzabalen. Covid19ak eragindako osasun krisialdiak eten zuen 2007an abiarazi eta 12 urtez bizi asko mantendu zuten ohitura.


MASUSTAREN ERESERKIA
Larraren fruitu da bera
garaian zein ugaria!
ale txikiena ere
elikagaiz da haundia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.

Masusta heldu denean
beltza da bainan garbia
elikatzeaz gainera
arazten duen jakia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.

Erromatarrek zioten
oso estimu handia
guk ere gora dezagun
merezi duen guztia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.