Administrari laguntzaileen bi plaza hornitzeko hautaketa-prozesuko behin betiko emaitzak

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 12a, 08:19

Usurbilgo Udalak aipatu bi lanpostuon hautaketa-prozesuko behin betiko emaitzak argitaratu ditu.

Usurbilgo Udaleko lan eskaintzak hizpide lerrootan. Astearte honetako, irailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu duen iragarkiaren bidez, "administrazio orokorra eskalako administrari laguntzaile azpieskalako 2 plaza merezimendu lehiaketa bidez betetzeko hautaketa prozesuan izangaien behin betiko emaitzen zerrenda onartu" eta argitaratu du. 

Bi dira, hain zuzen, aipatu moduan, eskainitako lanpostuak; biak ala biak, herritarren arretarako administrari laguntzaile gisa jarduteko, udal erregistroan, udaletxeko harreran hain zuzen. Orain, bihartik, hilaren 13tik aurrera, "proposatutako hautagaiek 20 egun balioduneko epean hautaketa prozesuan parte hartzeko aurkeztutako eskaeran alegatutako baldintzen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte Usurbilgo Udaleko erregistroan".     

Udal brigadaren lan-poltsa
Gogoan izan, gaurkoa ez da azken egunotan argitara emandako tankera horretako ebazpen bakarra. Abuztu amaieran udal brigadaren lan-poltsarako azterketen behin-behineko emaitzak kaleratu zituzten. Irailaren 5era arte izan zuten interesdunek alegazioak aurkezteko epea.

Oinarrizko Lanbide Heziketako hiru plaza hornitzeko hautaketa-prozesua 
Oinarrizko Lanbide Heziketako hiru plaza hornitzeko hautaketa-prozesua amaieraraino heldu dela berri eman zuen baita Udalak iragan astean. Hiru langileon hautaketa-prozesua amaierara heldu dela berri eman zuen Usurbilgo Udalak, irailaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Batetik, lehen eta bigarren mailako irakasle plaza bana, bestetik, koordinatzaile eta laneko prestakuntza eta orientazio irakasle plaza hornitu nahi zituzten deialdion bidez.