Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Saileko plaza betetzeko hautaketa-prozesua amaitu da

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 19a, 07:53

Hala jakinarazi du Usurbilgo Udalak, astearte honetako, irailaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak.

"Administrazio berezia eskalako eskala teknikari azpieskalako erdi mailako plaza bat (Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Saileko buru) merezimendu lehiaketa bidez betetzeko hautaketa prozesuan izangaien behin betiko emaitzen zerrenda" onartu eta argitaratu du Usurbilgo Udalak, astearte honetako, irailaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. 

Ez da azken aldian kaleratu duen halako ebazpen bakarra. 

Administrari laguntzaileen bi plaza hornitzeko hautaketa-prozesuko behin betiko emaitzak
Usurbilgo Udaleko lan eskaintzak hizpide lerrootan. Iragan astearteko irailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarkiaren bidez, "administrazio orokorra eskalako administrari laguntzaile azpieskalako 2 plaza merezimendu lehiaketa bidez betetzeko hautaketa prozesuan izangaien behin betiko emaitzen zerrenda onartu" eta argitaratu zuen. 

Bi dira, hain zuzen, aipatu moduan, eskainitako lanpostuak; biak ala biak, herritarren arretarako administrari laguntzaile gisa jarduteko, udal erregistroan, udaletxeko harreran hain zuzen. Hilaren 13az geroztik, "proposatutako hautagaiek 20 egun balioduneko epean hautaketa prozesuan parte hartzeko aurkeztutako eskaeran alegatutako baldintzen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte Usurbilgo Udaleko erregistroan".     

Udal brigadaren lan-poltsa
Gogoan izan, bestalde, abuztu amaieran udal brigadaren lan-poltsarako azterketen behin-behineko emaitzak kaleratu zituzten. Irailaren 5era arte izan zuten interesdunek alegazioak aurkezteko epea.

Oinarrizko Lanbide Heziketako hiru plaza hornitzeko hautaketa-prozesua 
Oinarrizko Lanbide Heziketako hiru plaza hornitzeko hautaketa-prozesua amaieraraino heldu dela ere berri eman zuen baita Udalak duela bi aste. Hiru langileon hautaketa-prozesua amaierara heldu dela berri eman zuen Usurbilgo Udalak, irailaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Batetik, lehen eta bigarren mailako irakasle plaza bana, bestetik, koordinatzaile eta laneko prestakuntza eta orientazio irakasle plaza hornitu nahi zituzten deialdion bidez.