Entzungorrarenak egiten ari dira euskararekiko sentsibilitate zipitzik ez agertzearekin batera. Euskararen eta euskaldunon aurkako oldarraldiak ez du etenik. Azken orduotan, zenbait hedabide argitara ematen ari direnaren arabera, Euskadiko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu euskararen erabilera lehenesten duten Euskadiko Toki Erakundeen Legearen zenbait artikulu; 18., 24., 27. eta 36. artikuluak partzialki, hamabigarrena osorik, 9.2 artikulua eta hamaikagarrengoaren lehenengo atala.
Aipatu lege horrek arautzen du euskararen erabilerak zer nolakoa izan behar duen erakundeetan. Gogoan izan, uztailean 6.2 artikulua bertan behera utzi zuela Espainiako Konstituzio Auzitegiak. Guztia Vox alderdiak aurkeztutako helegite baten harira izan zen. EAEko Auzitegi Nagusira heldu zen auzia lehenik, baina Espainiako Konstituzioa urra zitzaketen zantzuak ikusita, Madrilera bideratu zuen gai honi buruzko epaiaren gaineko erabaki hartzea, Espainiako Konstituzio Auzitegira hain zuzen.
Oraingo honetan, aipatu moduan, EAEko Auzitegi Nagusia da aipatu artikuluak bertan behera utzi dituena. Erabakia behin-behinekoa da, epaia ez da irmoa beraz. 30 eguneko epea du Eusko Jaurlaritzak erabaki horren aurkako helegitea aurkezteko Espainiako Auzitegi Gorenean.
Aski da
"Nahikoa da! Gu euskaraz gara!" aldarriaren bueltan, udalerri euskaldunetako alkate eta hautetsiek irmoki salatu zuten uztailean udalei euskara hutsean jardutea debekatzen dien Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaia. "Arau horrek aukera ematen die udalei erakunde barruko idatzizko dokumentuak erabat euskaraz egiteko, betiere hizkuntza-eskubideak urratu gabe", adierazi zuten udalerri euskaldunetako 125 alkate eta hautetsi batu zituen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) uztailaren 7an Usurbilgo frontoian egindako agerraldian. Honenbestez, epai honek artikulu hau baliogabetu eta euskara hutsean jardutea eragotzi zien Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalei. Auzitegi Konstituzionalaren erabakia "inolaz ere onartu ezin dugun atzerakada" gisa definitu zuten.
Epaiak ekar ditzakeen ondorioez ohartarazi zuten. "Udalei eskumena kendu zaien beren barne-funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko, eta muga argi bat ezarri: administrazioan, gaztelaniaren makuluarekin soilik erabil daitekeela euskara". Bestela adierazi nahi izan duten moduan, "gaztelaniaz mugarik gabe egin daiteke; udalek euskaraz egiteko aukera izatea, zinegotzien hizkuntza-eskubideak errespetatuta, hori supremazia dela dio auzitegiak".
Azken urteotako oztopo eta debeku guztiok norabide berean kokatu zituzten. "Euskara sustatzeko lege-zimendua higatzen ari dira auzitegiak". Horregatik, UEMAk udalerri euskaldunetan 32 urtez eginiko lan ibilbide luzean onartezintzat jo zuten orain "atzerantz hastea". Testuinguru honetan, derrigorrezkotzat jo zuten "elkarrekin bat eginda lan egitea". Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon deitu duen manifestazioarekin bat egin zuten. Epaiaren "ondorio praktikoak" aztertzekotan geratu ziren. Horrez gain, "lege-esparru eraberritu bat" galdegin zuten eta horretarako bat egiteko deia egin zuten.