Samin handia eragin du Julen Lejardi Araolazararen heriotzak Usurbilen. Iragan astean zendu zen 20 urteko gaztea, hilabete lehenago izandako istripuan larriki zauritu ostean. Ostiral iluntzean egin zitzaion azken agurra Salbatore parrokiko hileta elizkizun jendetsuan. Joan berri zaigun asteburuan, herriko kirol taldeek ere Julen Lejardi Araolaza oroitu nahi izan dute. Batetik, Usurbil Futbol Taldeak Haranen jokatutako partidetan minutuko isilunea egin zuten. Ordukoak dira klubetik helarazi eta albiste honetan atxikitu ditugun argazkiak; zehazkiago esanda, kadete neska eta mutilen eta erregionalen taldeko neurketetakoak.
Gazte usurbildarra eta bere familia kide zuen Usurbil Kirol Elkarteak, bestalde, senior neska eta mutilen partidak bertan behera uztea erabaki zuen. "Usurbil Kirol Elkartetik gure esker ona adierazi nahi dugu une gogor honetan jasotako indar eta babes mezuengatik. Entrenatzaile, jokalari, klub zein Gipuzkoa eta Euskadiko federazioetatik jasotako mezuak askotarikoak izan dira", ohartarazi du elkarteak sare sozialen bidez.
Ildo horretan, "bereziki eskertu nahi dugu atzoko egunean Bidasoa Irun partidan eginiko minutuko isilunea. Dakizuenez ez dago min hau baretuko duenik, baina bihotzez mila esker arintzen saiatu izanagatik". Era berean, senior taldeen partidak bertan behera uztea errazteagatik ere eskerrak helarazi dizkiete Usurbil K.E.tik " bai BM Corazonistas zein Eragin Orio eskubaloi taldeei, ahalik eta erraztasun gehien jarri izanagatik gure asteburuko seniorren partiduak bertan behera uzteko".
Adierazpenon artean, nola ez, zendu berri den gaztea dute gogoan. "Maite zintugulako eta maitatzen jarraitzen zaitugulako. Eskerrik asko Julen!!".
Babesa EHU-tik ere
Eskela batek baino gehiagok ere oroitu eta omendu du gazte usurbildarra. Azkena, Euskal Herriko Unibertsitateak plazaratu duena. EHU-ko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikaslea zen Julen. "Fakultateko Dekanoak eta kide guztiok gure dolumina adierazten dugu eta galera samin honen aurrean bat egiten dugu familiaren sentimenarekin", adierazi nahi izan diete Lejardiren hurbilekoei.