#A30, Greba feminista orokorra

Osteguneko grebarako atxikimenduak ugaritzen doaz

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 27a, 13:00

Hiru egun baino ez, zaintza eskubide kolektiboaren alde Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba orokor feministarako. Azaroaren 30ean, ostegunez izango den deialdiarekin bat egiten doaz herri eragileak ere. Lerrootan orain arte bildu ahal izan dugun informazioa.

Sare
Hilero azken ostiraletan deitu ohi duen azaroko azken elkarretaratzean, hilaren 24koan bat egin zuten Sarek eta Etxerat-ek osteguneko greba orokor feministarekin. "Gaur egun, 21 euskal preso emakume daude. Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko proposamen honetan, emakume presoak pairatzen duten zigor sozial, pertsonal eta penalaz mintzatu behar da berriro ere. Eta presoen zaintzaren ikuspuntutik, espetxea tarteko, zaintza lanak emakumearen bizkar suertatzen dira beti ere", gogorarazi zuen iragan ostiraleko mobilizazioan.

Kafe Tertulia
Azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Egunean deitutako elkarretaratzean, Kafe Tertulia Usurbilgo Neska* Gazteen Talde feministak ere bat egin zuen hilaren 30eko greba orokor feministarekin. Mikel Laboa plazan irakurri zuten adierazpenean gogorarazi zutenez, "autodefentsa feministaren isla izango den data garrantzitsu bat gerturatzen ari zaigu. Egungo bizitzen eta kapitalaren arteko talkan, gure bizitza eta gorputzak produktibitaterako eta kapital metaketarako tresna izatea biolentzia da. Zaintzarako eskubide publiko bat ez izatea ere biolentzia da. Horregatik, bizitzak erdigunera ekarri eta azaroaren 30ean kaleak hartuko ditugu, zaintza publiko eta komunitario bat baitugu aldarrikatzeko".

Etumeta AEK euskaltegia
Hainbat zerbitzu etengo dira ostegunean, greba orokor feministaren deialdi hau dela eta. Horien artean da Etumeta AEK euskaltegia. Bertatik ikasleei jakinarazi dietenez, "datorren ostegunean, hilaren 30ean,  jakingo duzuen bezala Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba orokorrerako deia egin du zaintza publiko eta kolektiboaren alde, eta
Etumetako irakasleok greba egingo dugu". Euskaltegikoen berri blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek atarian jaso dezakezue.

Udarregi ikastola
Ikastolako langileen gehiengoak ere bat egin du osteguneko greba feminista orokorrarekin. Gutxieneko zerbitzuak finkatu dituzte ondorioz. Hala jakinarazi dute Udarregitik. "Azaroaren 30erako Greba Orokor Feministarako deialdia egin da gure gizartean. Udarregi Ikastolako langileen gehiengoa grebara batu da eta, beraz, egun horretan gobernutik jarritako irizpideek markaturiko gutxieneko zerbitzuak eskainiko dira Haur Eskolan nahiz Ikastolan", ohartarazi dute ikastolatik.

NOAUA! Kultur Elkartea
Kultur elkarte honek ere bat egingo du zaintza eskubide kolektiboaren alde azaroaren 30erako deitua dagoen greba feminista orokorrarekin. Elkartearen egoitza itxita egongo da, zerbitzu guztiak etenda, baita egun horretan egin ohi den aldizkariaren banaketa ere. Banaketa lana gainerako bezperan eta biharamunean bideratuko da. Soilik web orri hau eta sare sozialak izango ditugu martxan, egun horretako grebaren jarraipena egiteko bakarrik.

Ekitaldirik ez
Usurbil herri bizia izanik, ia egunero izaten da hitzorduren bat herri honetan. Ostegunean berez, osoko bilkura egitea egokituko zitzaien udal talde politikoei. Baina iragan hilabeteko udalbatzarrean egun bat, hilaren 29ra aurreratzea erabaki zuten. Azaroaren 30ean, beraz, ez da ekitaldirik izango. Soilik, egun horretarako aurreikusiak dauden ekimenak, grebari lotuta Usurbilgo Asanblada Mistotik iragarri dituztenak: 

Greba orokor feminista
Azaroak 30, osteguna
08:00 Esnadeia Mikel Laboa plazatik.
10:00 “Zaintza publiko komunitarioaren eraikuntza” solasaldia frontoian.
13:00 Manifestazioa Mikel Laboa plazatik herriko kaleetan barrena.
Ondoren, taper bazkaria frontoian, norberak nahi duena etxetik eramanda.
Arratsaldean, manifestazioak Hernanin (18:00etan) eta Donostian (18:00etan Antiguako tuneletik).

Antolatzailea: Usurbilgo Asanblada Mistoa.