25 urte bete dira egunkari berri bat kaleratzen hasi zirenetik. Garari buruz ari gara. 1999. urteko urtarrilaren 30ean argitaratu zuten lehen zenbakia, urte erdi lehenago Egin bidegabeki itxi ostean. Izan ere, 1977an sortu eta lanean jardundako Egin egunkaria eta irratia bortizki isilarazi zituzten 1998. urteko uztailaren 15ean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Egin argitaratzen zuen Orain S.A. enpresako hainbat kide atxilotu eta espetxeratu zituzten. Itxiera hark, gainera, besteak beste, 210 langile kale gorrian utzi zituen, tartean zenbait herrikide. Atzera bueltarik izan ez zuen erasotik urte batzuetara, egiten zuten lanaren zilegitasuna aitortu zuten 1998an kontrakoa zioten auzitegiek.
"Gara egingo dugu"
Itxiera hartatik 25 urte bete ziren iragan uztailean, web orrialde honetan gogorarazi genuen moduan. Euskal Herri osoan bezala, Usurbilen ere haserre eta elkartasun uholdea eragin zuen bidegabekeria hark. Lan uzteak, mobilizazioak, ezohiko osoko bilkurak... egin ziren aste haietan. Horrekin batera, "Euskadi información" izeneko egunkaria argitaratzen hasi ziren zituzten baliabide eskasekin, Gara sortu arte. "Usurbil informatuz" proiektu komunikatibo berria ere abiarazi zuten herri mailan.
Eginen lekukoa hartuko zuen egitasmo berri bat lantzeko bidea ere jorratzen hasi ziren. 1.000 milioi pezeta biltzea erronka xede zuen "Egin egingo dugu" kanpaina abiarazi zuten Euskal Herri mailan. Testuinguru horretan, 8,5 milioi pezeta biltzeko erronka jarri zuten Usurbilen, orduko NOAUA! aldizkariak berri eman zuenez. Baita lortu ere; 11,2 milioi pezeta jaso ziren herri mailan Gara egunkariaren alde, bereziki akzioen salmentaren bidez.
Laguntza biltzeko "Gara egingo dugu" hiru eguneko jaialdia ere egin zen Aginagan 1998. urte amaiera hartan. Akelarre, Izotz, Morau, Atxantatu... taldeak izan ziren, sokatira, mus txapelketa, bertso saioa.
Lotura estua Usurbilekin
Bistan denez, Eginekin gertatu moduan, kaleratzen hastear zuten proiektu komunikatiboarekiko begi bistako atxikimendua erakutsi zuen Usurbilek. Aginagako jaialdiaren bezperatan, Anoetako belodromoan egindako aurkezpen ekitaldian egunkariaren izena ezagutarazi zuten; Gara izango zuela izena egunkari berriak. Horrekin batera, 25 urte bete berri dituen egunkariaren zuzendaria nor izango zen ere jakinarazi zen; aurreko komunikazio proiektuko erredaktore nagusi izan zen Mertxe Aizpurua Arzallus. Kalezarkoa izan zen proiektu honek izan zuen lehenengo zuzendaria. Baina Garak Usurbilekin ere lotura estua izan zuen sorreratik; izan ere, errotatiba Usurbilen kokatu zuten. Udalerri honetan hasi ziren inprimatzen duela mende laurden, Gara egunkaria.
Paperezko hedabide hau argitaratzen hasi berritan elkarrizketatu zuen NOAUA!k komunikazio proiektu honen lehen zuzendari eta herrikide Mertxe Aizpurua, gerora Usurbilgo alkate izango zena. Lerrootan berreskuratu dugu, Garak 25 urte bete berri dituen honetan.
Mertxe Aizpurua: “Garatu behar den garaipen bat da GARA”
Usurbilgo Zumartegi auzoan dagoen errotatiban urtarrilaren 30ean lehen aldiz argia ikusi zuen Gara egunkariak. Jende dexente inguratu zen “erditze” gau horretara eta honelako momentu batean Noaua! aldizkariak GARAko zuzendariarekin egon nahi izan du, Kalezarren dagoen Errebal txikiko Mertxe Aizpuruarekin. Azken asteetan izandako elkarrizketa, telefono dei eta konpromezuak atzean utzita berarekin luze eta zabal hitz egin genuen egunkariak Igaran duen erredakzioan.
Urtarrilaren 30etik herriko saltokietan dugu GARA egunkaria. Zein da hasiera honetako zure balorazioa?
Gu pozik gaude jendeak eman dion harrerarekin eta lehendabiziko egunetan izan diren salmentekin. Gero ikusi beharko da nola finkatzen garen. Hala ere, bide onetik goazela dirudi. Jaso ditugun komentarioak benetan pozgarriak izan dira, eduki aldetik egunkari mardula egin dugula esanez zenbait eskutitzak ere iritsi zaizkigu. Egun hauetan behintzat asmatu dugulakoan gaude, hainbat sektoreengana heldu baita.
Sei hilabetetan aurrera atera den proiektua izanda, arazo eta oztopoak nonhai sortuko zitzaizkizuen ezta?
0 zenbakian atzematen dira lotu gabe dauden gauzak eta gure benetako 0 zenbakia lehenengo alea izan da. Erredakzioari dagokionez, akats batzuk bazeuden hor, eta pixkanaka-pixkanaka konpontzen ari gara. Errotatiban ere ajuste batzuk egin behar izan ditugu. Hasierako egunetan kioskoetara ez zen ordurako iritsi, baina bosgarren egunetik aurrera goizeko 4.OOetan atera izan da egunkaria errotatibatik.
Zer kritika jaso dituzue lehen egun hauetan?
Oraingoz jaso ditugun kritikak oso onak izan dira. Batzuek egunkaria haundiegia dela esaten digute, ez duela dena irakurtzeko denborarik ematen. Dena den, egunkariak oso-osorik irakurtzea ez da normala izaten. Bakoitzak aukeratu behar du interesatzen zaiona, eta guk eskaintza zabala eman beharra daukagu. Bati gustatzen ez zaiona beste bati gustatuko zaio, bakoitzak bilatu behar du bere tokia. Irakurlea gure egunkarian kokatzen ari da orain, gustoko dituen sailak non dauden jakitea garrantzitsua baita. Ohitura kontua da dena.
Normala denez irakurleak Egin eta GARA konparatuko ditu. Zeintzuk dira bien arteko desberdintasun eta parekotasunak?
Eginetik haren zehaztasuna hartu dugu, zintzotasunez kazetaritza egiteko joera bat. Kazetaritza egiteko era mantentzen dugula uste dut. Hala ere aldaketak egon dira. GARA eta Egin zeharo desberdinak dira diseinu aldetik, hori begibistakoa da, eta diseinu horrek edukia ere baldintzatzen du askotan. Sailak ere desberdinak dira. GARAn Euskal Herritik kanpo sortzen diren albiste guztiak Mundua sailean sartzen dira... Euskal Herriko ikuspegitik egunkari bat egiteari lehentasuna eman diogu. Guk Euskal Herria nazio bat balitz bezala hartzen dugu, horrek dituen zailtasun guztiak kontutan hartuta. Askotan instituzioek EAEko datuak ematen dituztenean, Nafarroako edo Iparraldeko datuak lortzeko esfortzu haundia egin behar dugu. Sekzio guztietan, zailtasun hauen gainetik, lehentasun hori jarri dugu, Euskal Herria naziotzat hartzea.
GARA Euskal Herriak bizi duen itxaropenaren mezulari izan nahi duela azpimarratu izan duzu azken aste hauetan behin eta berriz. Nola lortu daiteke hori?
Horren bukaera ez da gure esku dagoen zerbait. Helburuak bideak eginez lortzen dira eta momentu honetan bide berri bat ireki da. Euskal Herriko gizartean horrelako itxaropena sortzeak bideak erraztu ditu. Egunkariaren aldetik zer egin dezakegu? Ireki den bide berri horri, Lizarra- Garaziko akordioei babesa eman, horren alde doan guztia lagundu eta kontra joan daitekeen guztia kritikatu.
Egoera berri honek GARAren garapena erraztuko du?
Garapena erraztu dezake. Orain dela urte batzuk Eginen berrikuntza batzuk eman zirenean, ez Espainiako alderdienak bakarrik, hemengo zenbait alderdi nazionalisten mezuak kontrakoak ziren. Guzti horrek presio bat sortzen zuen, egunkaria presiopean zegoen. Momentu honetan badirudi presio hori ez dagoela eta garapenerako presiorik gabe bizitzea hobea izaten da.
Egin-en heriotzaren mendekua hartu da GARAren sorrerarekin?
Seguru asko bai. Egin itxi zutenean ez zuten egunkari bat bakarrik itxi, gizarte honen zati haundi baten ahotsa ematen zuen egunkaria itxi zuten. Gizartearen zati haundi hori mututu egin nahi zuten eta alde horretatik herriak berak egin duen mendekua da. Azken finean garatu behar den garaipen bat da GARA.
Zer eskaintzen du egunkari berri honek beste egunkariek eskaintzen ez dutena?
Informatiboki, Euskal Herrian nazionaltasuna praktikan jartzen duen egunkari ia bakarra da. Hori da gure eskaintza nagusia. Eduki aldetik, horrek sail guztiak markatzen ditu. Kiroletan adibidez, El Diario Vasco edo Correo egunkari probintzialak dira eta bakoitzak herrialdeko erreferentzia dauka. Guk sail guztietan Euskal Herriko erreferentzia dugu, ez dugu Errealataz hitz egiten, Euskal Herrian dauden talde guztien informazioa ematen dugu eta berdin gertatzen da beste sail guztietan. Euskal Herriko politikari dagokionez plus bat ematea nahi dugu, beste egunkarietan aurkitu ezin daitezkeen datuak guk ematea.
Lehen Egin erosten zuenak orain GARA erosiko du seguru asko.
Egin erosten zuenak orain GARA erostea espero dugu. Oraingoz ditugun datuen arabera jende gehiagok erosten du eta horiek mantentzeaz gain irakurle gehiagorengana iristea da gure helburua.
Ezker abertzalearen egunkaria al da GARA?
Ildo editorialean, momentu honetan ez da ezker abertzaleari zuzendutako egunkari bat, bere nortasuna mantenduko du. Informatiboki, edozein irakurlek erosi ahal izateko eskeintza zabala ematen dugu, ekonomia eta kultura sailak goraipatuak izan dira adibidez. Politika aldetik begiratuta, GARA egunkaria Lizarra-Garaziko akordioaren alde dagoen edonorentzat irekita dago. Akordio horren alde dagoen edozeinek ondo ikusiko du bere burua egunkari honetan.
Euskarak, Egin-en bezala, toki gutxi du GARAn.
Euskara mailan aurrerapen sustantziala eman dugu Egin-ekin alderatuta. Orain presentzia haundiagoa du. Euskararen egoera eta Euskal Herri osoaren egoerari begiratu behar zaio lehendabizi. Askotan hipokrita samarrak gara denok gizarte honetan. Euskaraz irakurtzeko gai ez den edo zailtasunak dituen jende asko dago oraindik eta une honetan euskara hutsezko egunkaria ateratzeak egunkari horren porrota suposatuko luke. Guk orain euskarari lehentasuna emango bagenio, beste komunikabide bati miña egingo genioke edo gure porrota izango litzateke. Oraindik, tamalez, euskararen defentsa erdaraz egin behar da. Euskaraz bakarrik egingo bagenu euskaraz ez dakitenei ez litzaieke zenbait informazio iritsiko. Guk Euskal Herrirako egunkaria egin nahi dugu eta Euskal Herria Portugalete da, Cascante da eta Euskal Herria Gabiria, Usurbil edo Donostia da.
Denborarekin euskararen erabilpenean beste pausorik emateko asmorik ba al duzue?
Pausoz-pauso euskarak gailendu egin beharko du GARAn, garatu behar dugun beste gauza bat da hori ere. Gure dinamika da sail guztietan euskara egotea, plantilla horren arabera eratu dugu, sekzio guztietan baitago euskaraz idazteko gai den jendea. Honela, garrantzizko albisteak euskaraz emango dira noiznahi. Guk ez diogu kopuruari begiratu, baizik eta presentzia duin bat izatea garantizatu nahi izan dugu. Hemendik epe batera egunkari bat euskaraz egiteko gai izatea da gure helburua eta horretan gaude. Euskal Herriko gizartea euskararekiko aurrera doan heinean, guk ere aurrerapausoak emango ditugu. Hala ere, pentsatzen dut guk aurretik joan behar dugula.
Hasiera batean 1000 milioi lortzea zen “Egingo dugu” kanpainaren helburua, baina 1.200 milioi bildu dira. Usurbilen ere 11,2 milioi bildu dira, helburua baino 3,7 milioi gehiago. Zer esango zenioke proiektu honetan dirua jarri duen usurbildarrari?
Eskerrak eman lehendabizi. Azken finean bakoitzak ahal zuen dirua emanez proiektu bat eraikitzea lortu dute. Momentu honetan GARA egunkaria atera da, baina hau finkatzen denean enpresakoak beste proiektuak bideratzen hasiko dira, euskal proiektu komunikatibo baten aurrean baikaude. Nik uste harro sentitzeko modurik badagoela Euskal Herri honetan.
Mirari bat izan da?
Bai, miraria. 1.000 milioiko erronka ordago bat izan zen. Diru asko zen eta ez dakit benetan diru hori lortu zitekeela uste zuenik bazegoen momentu hartan. Denbora gutxian, 1.000 milioi lortzea mirari bat baldin bazen, 1.200 milioi lortzea supermirari bat izan da.