650 Usurbil Bizi

"Usurbil Museo Irekia" eta Chillida Lekuko bisita gidatuetarako erreserbak agortze bidean

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 15a, 14:20

Otsailaren 25eko lehen bisita gidaturako taldea osatu dute, martxoaren 23korako ere osatze bidean da.

24 ordu ere ez dira igaro, Eduardo Chillida jaio zeneko mendeurrena eta Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko muralaren 50. urtemuga uztartuko dituzten bisita gidatuen egitasmoa aurkeztu eta hitzorduotarako sarrerak agortzen hasi direnerako. Bi ziren, sustatzaileek atzo Potxoenean egindako aurkezpenean iragarri zituzten bisita gidatuak; lehenengoa, otsailaren 25erako, bigarrena martxoaren 23rako. Hilaren 25erako taldea osatu dela ohartarazi du ekimenok dinamizatzeaz arduratzen ari den 650 Usurbil Bizi turismo proiektuko arduradunak. Martxoaren 23rako taldea ere osatze bidean da. Izena, 650usurbilbizi.eus atarian eman dezakezue. 

Bisitari kopuru mugatua
Aipatu moduan, bi bisita gidatu berezi antolatu dituzte hurrengo asteotarako. Biak udalerri honetan abiatuko dituzte. Lehenbizi, 650 Usurbil Bizi turismo proiektuaren baitan ezagun egin den "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuak herri honetako kaleetan dugun kultur sorkuntzan barrena bidaiatzeko aukera emango du. Segidan, Chillida Lekura joan eta hango ondarearen nondik norakoen berri izateko Usurbilen bezala, hor ere bisita gidatua izango da. Joan-etorria autobusez egingo da. Bisitari kopurua mugatu egin dute antolatzaileek, ekimenaren kalitatearen mesedetan, azalpenak argiago entzuteko.

Gogoan izan, bestalde, aipatu bi bisita hauez gain, iaz hasitako Zumetaren muralaren 50. urtemuga borobiltzeko azken erakusketa bat iragarri dutela apirilerako Sutegin. Bertan, Zumetaren eta herri honen nahiz herrikideen arteko hartueman artistikoa islatuko dute. Azken urtebete honetan, frontoi atzeko horma-irudiaren kontserbazio lanak, haren sorkuntza prozesua aurkeztu zigun erakusketa, Kulturgunetik bideraturiko Xumetik herri jaialdia edota Oskar Alegriaren "Zumeta 23" film laburra, ekimen guztiok egin dira urteurren horren testuinguruan, Udalaren, Zumeta Arte Estudioaren eta kasuan kasuko eragile gehiagorekin lankidetzan.

Deialdiak
Otsailak 25/martxoak 23
11:00 "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatua Sutegi paretik abiatuta.
Ondoren, autobusez Hernaniko Chillida Lekura bisita. "Maeght Unibertsoa", Eduardo Chillidaren eta "Aime Maeght arte-merkatari historikoak eta bere emazie Margueritek lan egin zuten artista batzuen arteko elkarrizketa proposatzen" duen erakusketa ezagutzeko aukera.
Erreserbak: aurrez egin beharko dira, 650usurbilbizi.eus atarian.
Gehienez: 14 lagunentzako tokia.
Prezioa: 7 euro 18 urtetik gorakoek, adin horren azpitik daudenek doan.
Oharra: Chillida-Lekura joan etorria autobusez egingo da.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Chillida Leku Museoa, 650 Usurbil Bizi.


Apirilean...
Zumetaren frontoi atzeko muralaren 50. urtemugako ekimenak borobiltzeko erakusketa Sutegin. 
Antolatzaileak: Zumeta Arte Estudioa, Usurbilgo Udala.