Haur Eskolaz hausnartzeko deia egin du ama talde batek

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 19a, 08:56

Ostiral goizean, Potxoenean biltzeko deia egin dute.

Kalezarren kokaturiko Haur Eskola hizpide duen deialdia segidan. Aste hasiera honetan, Usurbilgo ama talde batek helarazi digu albiste honi atxikitako karteleko hitzorduaren berri. Haur Eskola hausnartzeko gonbita luzatu dute, eta horretarako, biltzeko deia egin dute. Bilkura, ostiralerako, otsailaren 23rako iragarri dute goizeko hamaiketan Potxoenean, eraikin horretako sotoan hain zuzen. "Usurbilgo Haur Eskolaz hausnartzen" izeneko saio honetara joateko gonbita egin dute. "Zatoz!", deitu du Usurbilgo ama talde honek.

Aldaketa urtea
Haur Eskolaz, azkenekoz, ikasturte hasieran berri eman genuen atari honetan. Izan ere, nabarmentzeko moduko aldaketa batekin ekin zioten ikasturte berriari.

Gogoan izan, Hezkuntza Sailak Haur Eskola publikoen doakotasuna aldarrikatu zuen 2023-24 ikasturtera begira. Doakotasun hori bermatzeko finantziazioa, ordea, Jaurlaritzaren mendeko Partzuergoko kide diren eskolentzako iragarri zuen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden udal titulartasuneko hamahiru Haur Eskolak (Usurbilgoa tartean), neurri horretatik kanpo geratu ziren. 

Egoera horren aurrean, familia bakoitzak datozen hilabeteotan ordaindu beharko duen Haur Eskolako kuoten %62a bere gain hartzea erabaki zuen Usurbilgo Udalak. Gogoan izan, iazko udaberrian hartu zuten erabaki hau, Sutegin apirilean eginiko bilkura batean jakinarazi zuten moduan.

Familiei aplikatuko zaien kuota murrizketa, Udalak behin-behinean hartutako erabakia izango da, 2023-24 ikasturterako soilik. Hortik aurrera, 2024-25 ikasturterako "zer egin erabaki behar da", zioen argi udal gobernu taldeak uztaileko osoko bilkuran, "egungo datuetan, zama ekonomiko handia baita Udalarentzat".