Erakundeetan aurkezturiko mozioen balantzea plazaratu dute Gipuzkoako Pentsiodunek

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 17a, 09:53

Hilabeteotan Hego Euskal Herriko erakundeetan aurkezturiko mozioen balantzea plazaratu dute Gipuzkoako Pentsiodunek. Besteak beste, Usurbilgo Udalean ere aurkeztu zuten; iragan abenduan onartu zuten.

Mobilizatzera deitu dute pentsiodunen mugimenduak egunotan Gasteizen. Asteazken honetan, apirilaren 17an, "Deriva" feminista antolatu dute mugimendu honetako kide diren emakumeek. "Helburua da konpromiso eza salatzea pentsio duin batekiko, zein zaintza sistema unibertsal, duin eta publikoarekiko. Hainbat tokiren artean ibilbidea egingo da zaintza gaitzat hartuta". Ostegunerako, hilaren 18rako, manifestazioa deitu dute Bilbo plazatik 11:00etan. "Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako pentsiodunok hartuko dugu parte", iragarri dute, ohar bidez.

Usurbilgoak onartu zuen
Ohar berean gogorarazi dutenez, iazko azaroan hasi eta hilabete honetara, tarte honetan guztian zehar, Hego Euskal Herriko hainbat erakundeetan mozioak aurkeztu dituzte pentsiodunen mugimenduek; bai, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako udaletan, baita Araba, Bizkaia zein Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere.; tartean, gogoan izan, Usurbilgo Udalean ere bai. Iragan abenduko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak, "gutxieneko pentsioa 1080" izeneko testua. Albiste honetan beherago duzue osorik. EAJk eta PSEk aurka bozkatu zuten, talde bakoitzak onartu ez zen mozio alternatibo bana aurkeztu baitzuen.

Bi eskakizun biltzen zituen testuak: batetik, "Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari eskatzea 1080 eurora arte osa dezatela gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin"; bigarrenik, "udalbatzatan eta Batzar Nagusietan onarturiko akordioa helaraztea Eusko Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroaren kasuan, Nafar Parlamentuari". 

Balantzea
Aurkezturiko mozio hauen guztiei buruzko balantzea plazaratu dute Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduak. "Gipuzkoan udal guztietan aurkeztu da, 88tan hain zuzen. Horietako %80an onartu da, 70 udaletan, eta 14tan ez da onartu". 

Testuon bozketan eragile politikoek agerturiko jarrera ere ahotan hartu dute. "EAJk aurka bozkatu du udaletan presentzia duen %64an, %13an alde eta %24an abstenitu egin da. PSEk ordezkaritza duen udaletako %86an aurka bozkatu du eta %11n abstenitu egin da. EHBilduk ordezkaritza duen 69 udaletan mozioaren alde egin du, baita Elkarrekin Podemosek ere presentzia duen 10 udaletan. Era berean, horrela egin dute udal-elkarte independente gehienek". 

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere mozioa onartu zuten iragan urte amaieran EHBilduren (22), Elkarrekin Podemosen (2) eta PPren (3) botoekin. EAJk eta PSEk aurka bozkatu zuten". Herrialde honetatik kanpo, gainerako batzar nagusietan ez da eztabaidatu. Udalei dagokienean, Bizkaian 59 udalerritan onartu eta 15etan baztertu da, Araban 20 udalerrietan onartu eta beste lautan baztertu egin dute. EAEn guztira, "149 udalek onartu zute mozioa eta 33k baztertu. Beraz, mozioak onartu dituzten udalek EAEko udalerri guztien %59 osatzen dute. %13k baztertu dute". 

Nafarroan, bertako pentsiodunen mugimenduak "Ahora 1080 Orain" ekimen sozialaren izenean bideratu dute mozioa, 28 udalerrietan onartu dutela jakinarazi dute Gipuzkoako Pentsiodunek. 


MOZIOA
"Gutxieneko pentsioa 1080"
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak zuengana jotzen du Usurbilgo Udalaren osoko bilkuran mozio bat onar dezazuen, gure funtsezko aldarrikapenetako bat babestuz: pentsiodunen guztiek gutxienez 1080 euroko diru-sarrerak izatea bermatzea, 14 ordainsaritan.

Idazki honekin batera doakizu Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordearen aurrean egin eta aurkeztu dugun txosten laburtua eta osoa. Bertan eskatzen eta justifikatzen dugu errebindikazio hori, nola gauzatu eta zenbatesten dugu kostua. Txostena eskari honekin hasten da: "EHPMk egindako txosten honen bidez, 2023rako gutxieneko pentsioa 1080 eurotan ezartzeko gure berehalako eskaria bultzatu nahi dugu. Eskari hori Estatuko Gobernuari zein EAEko eta Nafarroako gobernuei zuzentzen diegu; azken horiei, gainera, eskatzen diegu, gaur egun 783 eurotan dagoen gutxieneko pentsioa finkatzen ez den bitartean, gutxieneko pentsio hori 1080 eurora arte osa dezatela hamalau ordainsaritan. Txosten honekin urrats bat gehiago ematen dugu gure eskariaren azalpenean, eta EAEko eta Nafarroako beharrezko aurrekontuaren zenbatespen ekonomikoa kalkulatuko dugu".

Gainera, txosten horretan adierazten dugu eskaera hori premia sozial urgentea eta justiziazkoa dela, erakunde publikoek herritarrei bizi-baldintza duinak bermatzeko behar diren erabakiak hartzeko betebeharra dutelako; baldintza horiek, lanetik etorritako diru-sarrerarik ez duten adineko pertsonen eta pentsiodunen kasuan, gutxieneko diru-sarrera nahikoak bermatu behar dituzte.

1080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeak nabarmen murriztuko luke pentsioetan dagoen genero-aldea. Bizi-kostuaren igoeraren arabera pentsioen balioa EZ handitzearen ondorioak nabarmenak dira, txostenaren 14. orrian ikus daitekeen bezala: "... egiaztatzen dugu azken urteetan (2011tik 2023ra) LGS Lanbide arteko Gutxieneko Solada 641,40 eurotik 1080 eurora igo dela, baina gutxieneko pentsioa 601,40 eurotik 783 eurora baino ez da igo. Pentsioak soldata geroratuak dira, zalantzarik gabe, eta haien zenbatekoa zuzenean lotuta dago jasotzen diren soldatekin; beraz, gutxieneko pentsioak ere LGS izan behar du erreferentzia gisa. Onartezina da 2011n Gutxieneko Pentsioan LGSren %93,7 izatea eta 2023an %72,5 izatea".

Gaur egun, bizi-kostuaren hazkunde esponentziala dela eta, gero eta pentsiodun gehiagok galtzen dituzte etxebizitza osasungarria eta beren beharretara egokitua izateko aukerak, elikadura osasungarria, haien osasuna eta mendekotasunari erantzuteko arreta eraginkorra bermatzea... Gaur egun, EAEko 167.718 pentsiodunek 1080 eurotik beherako diru-sarrerak dituzte pentsioengatik; gehienak emakumeak dira.

Gutxieneko pentsioaren aldagai guztiek emakume izena dute. Genero-ezberdintasunean ikusten da hori, eta horren aurrekaria da soldaten ezberdintasuna eta emakumeen alde bateko esleipena ordaindu gabeko edo gaizki ordaindutako lanari, ugalketaren eta zaintzen eremuan.

1080ko aldarrikapen horrek duela bost urte baino gehiagotik gure mobilizazioetan parte hartu duten milaka pertsonek ematen dioten zilegitasuna du.

Ondorioztatzen dugu ez dagoela arrazoi ekonomiko edo politikorik ez egiteko, eta ezin dugu egun bat gehiago itxaron.

Horregatik, Usurbilgo Udalaren osoko bilkurari honako erabaki hau eskatzen diogu:
1-EAEko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari demandatu, 1080 eurora arte osatu dezaten pentsiodunen gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin.
2-EAEko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari jakinaraztea udal honen osoko bilkuran hartutako erabakia.