Berriki omendu duten Joxe Ramon Sarasola Alzaga zendu da

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 24a, 12:16

Bordatxoko tabernari ezaguna zendu da 81 urte zituela. Berriki omendu zuten, pasa den maiatzaren 15eko San Ixidro eguneko ospakizunetan.

Joxe Ramon Sarasola Alzaga herrikidea zendu da 81 urterekin ostegun honetan. Albiste honi atxikitako argazkian duzue, hain zuzen, duela bost urte, bere anaia Felixi frontoian egin zitzaion herri omenaldian jasotako oroigarria eskuan duela. 

Bere heriotza, hain zuzen, Joxe Ramon bera omendu eta astebete pasatxora heldu da. Izan ere, Alkartasuna Baserritarren Kooperatibak maiatzaren 15eko San Ixidro eguneko ospakizunetan eskertza ekitaldia egin zion berari eta baita Euxebio Txapartegiri ere "nekazaritza eta herri kirolak bultzatzeagatik" egindako ahaleginagatik. Bi alor hauetan gogotik aritu zen Joxe Ramon urte luzez. Halere, askorentzat ezaguna izango da, bere eguneroko ogibide eta lantoki izandako Bordatxo tabernagatik. Familia negozio honetan aritu zen urte luzez.

Pasarte asko, gehienak lerrootan aipatu gabe geratuko diren arren, azken urteotan urtero ikusi dugu baba beltz txiki kofradiak egindako bilkuretan. 2009an izendatu zuten kofradekide. 

Larunbatean, maiatzaren 25ean egingo da bere aldeko hileta elizkizuna, arratsaldeko 18:00etan Salbatore Deunaren eliz parrokian. Aldez aurretik, larunbatean zehar, Usurbilgo beilatokian agurtzeko aukera izango da, ordutegi honetan, Gonzalez ehorztetxeak berri eman duenez: goizez, 10:00-13:00 artean eta arratsaldez, 16:00-17:30 artean.

Erlazionatuak