Zenbait kirol txapelketa amaierara bidean, Uxue Trail izango dugun astean

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 11a, 08:51

Usurbilgo 51. Pilota Txapelketa asteburuan jokatuko diren finalaurrekoetara heldu da. Aztarrika Gazte Asanbladak antolaturiko Aztarri Cup ere hilabete erdialde honetan amaitzekoa da. Ekimen hauen azken txanpan helduko da 4. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioa; igande honetan bertan, ekainaren 16an. Lerrootan dituzue xehetasunak.

Aztarri Cup
Aztarrika Usurbilgo gazte asanbladak antolaturiko Aztarri Cup azken txanpan da. Izan ere, maiatzaren 10ean hasi zuten aurtengo edizioa. Aldaketarik ez bada, ekainaren erdialde honetan amaituko da. Gogoan izan, hockeya eta artzikirolak tartekatzen ditu, ostiral gauak frontoi buelta gogotik girotzen dituen lagunarteko txapelketa honek.


Usurbilgo 51. Pilota Txapelketa
Finalaurrekoak asteburu honetan jokatuko dira. Finalak, ohi bezala, Usurbilgo festen jaiegun nagusian, uztailaren 2an.

Ekainak 14 ostirala
18:30 Kadeteak: 
Pagazpe 1 (Alejo-Pagola) Lapke (Landa-Elola)
Seniorrak: Elizalde-Lazkoz Barbajero-Santesteban

Ekainak 15 larunbata
11:30 Kadeteak: Zazpi iturri (Gorostidi-Olano) Pagazpe 2 (Aburuza-Errasti)
Seniorrak: Landa-Aranguren Txoperena-Urruzola



4. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioa
Igandean, ekainaren 16an egingo da 4. Uxue Trail Mendi lasterketa solidarioa. Izen-emateko azken egunak dituzue honako hauek. Gogoan izan, distantzia ezberdinetako bi lasterketa egingo dira, paseoa edota dortsal solidarioa eskuratzeko aukera izango da. Ekimen honen bidez bildutako laguntza "Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxuek duen gaixotasun arraroa" ikertu eta ezagutzera bideratuko dute.

Berrikuntzarik badakar aurten. Izan ere, iragarri dutenez, parte hartzeko aukera eskaintzen duten bi lasterketetako baten ibilbidea berria izango da; Uxue Trail Motza hain zuzen. Horrekin batera, Ixaksonak taldeak Uxue Trail kirol probako abestia konposatu du; bizia eta energiaz beteriko doinua, errepika itsaskor batekin.

Eguna: ekainak 16, igandea.
Ordua: 9:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Lasterketa motak:
-Uxue Trail Luzea (20 kilometro): 25 euro.
-Uxue Trail Motza (11,5 kilometro): 15 euro.
-Uxue Paseoa (5,5 kilometro): 12 euro.
-Dortsal solidarioa (donazioa).
Oharra: oparien zozketa lasterketa amaieran, parte hartzaileen artean.
Izen-ematea eta informazio gehiago hemen: rockthesport.com
Phelan-McDermid sindromeari buruzko informazio gehiago hemen: 22q13.org.es
Izen-emateko epea:
ekainaren 14ko gaueko 22:00ak arte (egunean bertan, izen-ematea 5 euro garestiago).