4. Uxue Trail, pilota eta Aztarri Cup, asteburuko kirol hitzorduen agendan

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 14a, 08:03

Mendi lasterketa solidarioa, pilota eta Aztarri Cup. Denetariko kirol hitzorduak asteburu honetan ere.

Aztarri Cup
Aztarrika Usurbilgo gazte asanbladak antolaturiko Aztarri Cup azken txanpan da. Izan ere, maiatzaren 10ean hasi zuten aurtengo edizioa. Aldaketarik ez bada, ekainaren erdialde honetan amaituko da. Gogoan izan, hockeya eta artzikirolak tartekatzen ditu, ostiral gauak frontoi buelta gogotik girotzen dituen lagunarteko txapelketa honek.


Usurbilgo 51. Pilota Txapelketa
Ekainak 14 ostirala
18:30 Kadeteak: Pagazpe 1 (Alejo-Pagola)-Lapke (Landa-Elola)
Seniorrak: Elizalde-Lazkoz - Barbajero-Santesteban

Ekainak 15 larunbata
11:30 Kadeteak: Zazpi iturri (Gorostidi-Olano)-Pagazpe 2 (Aburuza-Errasti)
Seniorrak: Landa-Aranguren - Txoperena-Urruzola

Pagazpe, Udaberri Txapelketako finalean
Infantil mailako herriko bi pilotari bikote heldu dira txapelketa honen finalera. Finalak larunbat honetan, ekainaren 15ean, 13:00ean Andoaingo Arrate pilotalekuan:
-Infantilak, 2. maila: Pagazpe (Markel Alejo-Ekain Alejo)-Mundarro 1
-Infantilak, 3. maila: Gazteleku 2-Pagazpe (Elur Alberdi-Aratz Usabiaga)


4. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioa
Igandean, ekainaren 16an egingo da 4. Uxue Trail Mendi lasterketa solidarioa. Izen-emateko azken eguna duzue gaurkoa. Gogoan izan, distantzia ezberdinetako bi lasterketa egingo dira, paseoa edota dortsal solidarioa eskuratzeko aukera izango da. Ekimen honen bidez bildutako laguntza "Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxuek duen gaixotasun arraroa" ikertu eta ezagutzera bideratuko dute.

Berrikuntzarik badakar aurten. Izan ere, iragarri dutenez, parte hartzeko aukera eskaintzen duten bi lasterketetako baten ibilbidea berria izango da; Uxue Trail Motza hain zuzen. Horrekin batera, Ixaksonak taldeak Uxue Trail kirol probako abestia konposatu du; bizia eta energiaz beteriko doinua, errepika itsaskor batekin.

Proba hau tarteko, ohi bezala, gorabeherak izango dira ibilgailuen joan etorriari dagokionean; aldaketak trafikoan. Hasteko, igande goizeko 8:30etan, lasterketa hasi baino 30 minutu lehenago itxi egingo dute Oxtapeko sarbidea ibilgailuentzat eta hala, itxita mantenduko dute arratsaldeko 14:00ak arte. Honenbestez, halakoetan egiten den moduan, Aginaga alderako autobus zerbitzuak ezingo dira Kale Nagusitik igaro, ezta udaletxe ondoko geltokian geratu. San Inazioko biribilgune ondoko geltokia, Donostia alderako autobusa hartzeko baliatzen den leku horretan egingo dute geldialdia. Udaltzaingotik ibilgailuen sarrera eta irteera ere San Inazio aldetik egitea eskatu du. Ordu tarte berean, bestalde, Santuenetik Zubietara joateko bidea itxita egongo da, Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez.

Eguna: ekainak 16, igandea.
Ordua: 9:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Lasterketa motak:
-Uxue Trail Luzea (20 kilometro): 25 euro.
-Uxue Trail Motza (11,5 kilometro): 15 euro.
-Uxue Paseoa (5,5 kilometro): 12 euro.
-Dortsal solidarioa (donazioa).
Oharra: oparien zozketa lasterketa amaieran, parte hartzaileen artean.
Izen-ematea eta informazio gehiago hemen: rockthesport.com
Phelan-McDermid sindromeari buruzko informazio gehiago hemen: 22q13.org.es
Izen-emateko epea:
ekainaren 14ko gaueko 22:00ak arte (egunean bertan, izen-ematea 5 euro garestiago).