Atzera begira

Usurbilek 653 urte gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 11a, 11:34

Usurbil hiribildu izendatu zutenetik 653 urte bete dira gaur.

 

Irailak 11 ditu gaur, data esanguratsua AEB-tako atentatuen urteurrenaz edota Kataluniako Diadaz oroitzeko. Usurbilen historiari estuki lotua dago baita irailaren 11 hau. Izan ere, Gaztelako Enrike II erregeak hiribildu tituluarekin izendatu zuen herri hau 1371. urteko irailaren 11n; "Belmonte de Usurbil" gisa, aldez aurretik, Donostiako lur eremu izan ostean.

Honenbestez, gaur esan dezakegu 653 urte bete dituela Usurbilek. Hiru urte, 650. urtemuga borobiletik. 2021ean izan zen. Oroimen historikoari gorazarre eginez, Belmonte izeneko auzo elkartea du Kalezarrek, garai bateko Usurbilgo erdiguneak. Urtemuga honi lotutako izena du baita, bestelako turismo eredua sustatzen diharduen herri egitasmoak ere; 650 Usurbil Bizi.

Usurbilek 650 urte bete zituenean, 2021ean, herri honen historia maisuki azaldu zuen herri antzerkia plazaratu zuten Kalezarren Belmontekoen eskutik, auzoan barrena egindako antzerki ibiltari baten bidez. Kalezar antzoki erraldoian bilakatu zuten auzotarrek azaroan. Kalezarko txoko esanguratsuetan barrena eskainitako antzezlan ibiltariaren bidez, 1371. urteko irailaren 11 ekarri ziguten gogora, Usurbil ofizialki "herribildu" bilakatu zuten eguna. Garai hartako herritarrekin zituzten harremanak, orduko ogibideak... Udaletxea eta alkate zena ezagutu genituen. Koplaka, dantzan, antzezten... belaunaldi ezberdinetako kalezartarrak. Egoki asko esan daiteke, herri antzerki borobila eskaini zutela. Eta edertasuna txalotu zuten bertara joandakoek.