Ezkeltzuko parke eolikoa arriskuan

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 11a, 13:57

Hainbat hedabideek zabaldu dutenez, Andatzaz bestalde, Zizurkilgo eta Usurbilgo lurretan eraiki asmo duten parke eolikoaren proiektua arriskuan egon daiteke, aire-nabigazioan izan dezakeen eraginagatik.

2022ko otsailaz geroztik ezagutzen joan garen moduan, parke eoliko bat eraiki nahi du Green Capital enpresak Andatzaz bestalde, Ezkeltzun, bereziki Zizurkilgo baina baita Usurbilgo lurretan ere. "Ia 200 metroko altuerako errota erraldoiak eta errepide zabalak jasotzen ditu proiektuak", berri emana du proiektu honen aurka sortutako Andatza-Ezkeltzu Bizirik! herri plataformak. Galera oso larritzat jo zuten iazko ekainean eremura antolaturiko txangoan parke eolikoak bertako inguruko ondare natural eta kultural aberatsean eragin dezakeen kaltea. 

Lurrean soilik ez, airean ere eragin dezakeen arriskuaz ohartarazi du, Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziak. Hainbat hedabideek azken orduotan berri eman dutenez, aire bidezko nabigazioan izan dezakeen eragina nabarmendua du agentzia honek. Agentzia honen baimena beharrezkoa du Green Capital enpresak sustatu nahi duen proiektuak. Bere oniritzia hain zuzen, halako eraginik ez duenean eman ahalko du eta gaurkoz ez du eman. Honenbestez, momentuz, parke eolikoa eraikitzeko egitasmoaren garapena etenda dago. Enpresa eraikitzaileak aipatu agentziari alegazioak aurkeztuak dizkio baina momentuz aire segurtasunaz arduratzen den agentzia horrek ez du gai horri buruzko erabakirik hartu.

Testuinguru horretan, EHBilduk Eusko Legebiltzarrean gai honi buruz eginiko galdera baten harira jakin ahal izan denez, enpresak beharrezkoa duen Aurretiazko Administrazio Baimena eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenari lotutako tramitazioarekin aurrera jarraitzen ez badu, espedientea iraungitzat joko du. Ez dago argi, ordea, hori noiz gerta daitekeen.



"Galera oso larria"
Iragan ekainean aipatu parke eolikoa eraiki nahi duten eremura txangoa antolatu zuen Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformak. Proiektuaren kalteez ohartarazi zuten. "Lur mugimenduak egingo dituzte eta lurra artifizializatuko dute. Lurrak ehunka urte behar ditu bere onera etortzeko. Lur naturala funtsezkoa da bertan bizi diren milaka mikroorganismoentzako, CO2 xurgatzeko eta bioaniztasunarentzako".

Parke hau eraikitzen bada, kalte larriez ohartarazi zuten Ezkeltzu Bizirik plataformatik; "lur mugimendu ikaragarriak ekarriko lituzke ekimenak, porlana eta pista zabalak gure mendietan, beste kalte larrien artean". Eta horrekin, "klima larrialdiaren izenean natur eremuak suntsitzeak arazoa larriagotu besterik ez du egingo. Babestu ditzagun natur eremuak, hain justu natur eremuek egiten baitiote aurre klima larrialdiari: CO2 xurgatuz eta tenperatura freskoagoei eutsiz".

Bioaniztasuna arriskuan jarriko lukeela diote. "Ezkeltzuko ekosistemaren orekari eusteko funtsezkoak diren hainbat anfibio, narrasti eta mikrougaztun bizi dira bertan". Errota hauen "besoak jota" 150 espezietako hegazti eta hainbat espezietako sagusarrak hiltzeko arriskuan egongo lirateke. "Hauen galera oso larria litzateke", egoera zaurgarrian edo desagertze arriskuan daudelako; besteak beste, Miru Gorria, Sai Zuria edota Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan "Interes Bereziko" animali bezala izendatua dagoen basakatua".

Landarediari dagokionean, eremu berean hazten dira "babesturik dauden eta udaberrian loratzen diren narzisoak".

Infrauhinak eta "diskoteka-efektua"
Tokiko abeltzaintza ere kaltetuko luke parke eoliko honek. Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformaren arabera, zonalde horretan "bizi zein larretzen den ganaduak eragin zuzenak jasango lituzke". Besteak beste, "larreen murrizte nabarmena, ganaduaren osasunean zein ongizatean eragin kaltegarriak...".

Ez soilik animali eta landareentzat, baita gizakiontzat ere. Errota hauek "kilometrotara zabaltzen dituzten infrauhinak sortzen dituzte". Horien eraginpean denbora luzez egoteak "gaixotasun bibroakustikoa deritzona sortu dezake: nekea, goragalea, zorabioa, burrunba belarrietan, insomnioa, antsietatea, memoria eta kontzentrazio zailtasunak, baita azal eta urdail-hesteetako arazoak ere". Burmuinean eta bihotzean eragin dezaketela ohartarazten duten hainbat herrialdeetako unibertsitateetako ikerketa prestigiotsu badirela ere gaineratu dute; besteak beste, burmuin desorekak eta "afekzio kardiobaskularren gaitzen ugaritzea" ekar dezake.

Eguzkia erroten atzean kokatzean eta "aspak biratzen daudenean proiektatzen diren itzal kliskatzaileen eraginak larriak dira" baita, ohartarazi dute. "Oso estresagarria izan daiteke, eta osasun-arazo jakin batzuekin ere lotzen da, hala nola, epilepsiarekin. Diskoteka-efektu honek animaliak ere zoratzen ditu, hiltzeraino iritsiz".

Memoria historikoaren aztarnak ere arriskuan
Ingurumenerako kalteak soilik ez, parke eolikoak galbidean jar dezake herri honen memoria historikoa. 2013az geroztik inguruneaz egin duten ikerlanaren baitan, 2020an "Ezkeltzuko lur eremuen prospekzio zabala osatu zen. Prospekzio horretan dokumentatu ziren mendiaren mugak, saroi harri bat, elurzuloa, balizko lubakiak eta gerra-materialak sakabanatuta zeuden eremuak".

Urtebete beranduago, "lubaki bat induskatzeari ekin zitzaion: zazpi metro zulatu ziren eta 36ko Gerrarekin lotutako 3.000 elementu baino gehiago dokumentatu ziren". 2013az geroztik, "Saseta Defentsa Sistemaren barruan inoiz" ez zuten aurkitu "hain material anitz eta osoak dituen lubakirik".

Erlazionatuak

Ezkeltzu, parke eolikoaren arriskupean

Noaua Aldizkaria 2023 eka 11 Usurbil