EHPM

Gutxieneko pentsioak osatzeko eskaera Eusko Legebiltzarrera

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 17a, 11:08

Irailaren 26an gutxieneko pentsioak osatzeko herri ekimena aurkeztuko du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Legebiltzarrean. Atarian mobilizatzeko deia egin dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua Eusko Legebiltzarrera doa. Hilabete hasieran Gasteizen egindako bilkuraren ondotik ohar bidez jakinarazi duenez, hitzordu hartan "erabaki genuen EAEko Legebiltzarrean Legegintzako Herri Ekimen bat aurkeztea, gutxieneko pentsioak osatzea lortzeko, Europako gizarte-kartan ezarritako diru-sarreren nahikotasunaren irizpidea (bataz besteko soldataren %60) aplikatzearen ondoriozko LGSarekin parekatu arte".

Horregatik, Legebiltzarreko talde politikoei honako mezua helarazi diete. "Legebiltzarrean izapidetzea espero dugun ekimen honekin, legebiltzar taldeei eskatzen diegu eztabaidatu ondoren, pentsiodunen eskarien mailan egon daitezela eta guk jendartean eskatutako proposamena onar dezatela", gogorarazi duten moduan, mobilizazio bidez sei urte baino gehiagoz eskatzen aritu diren bezalaxe. Eskaera horretara batu dira, hainbat udal ere, tartean Usurbilgoa; 1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea eskatu zion udalbatzak Eusko Jaurlaritzari iragan abenduko osoko bilkuran. "150 udalen babesa jaso dugu aurkeztu ditugun mozioak onartuz eta iritsi da unea Legebiltzarrean dauden alderdi politiko guztiek pauso bat aurrera eman eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko. HELren proposamena argia bezain ezinbestekoa da".

"Bizi-baldintza duinak lortzeko adina diru-sarrera jasotzeko eskubidea dugu"
Gutxienekoa betetzea galdegin dute beste behin. "Pentsiodunek, gizonek eta emakumeek, lanean urte asko eman ondoren, bizi-baldintza duinak lortzeko adina diru-sarrera jasotzeko eskubidea dugu. Gutxieneko pentsio bat eskatzen dugu, pentsiodunei EGSren irizpideen arabera ezarritaKo LGSren pareko diru-sarrerak bermatzeko. Helburu hori lortu bitartean, gutxieneko pentsioak gure pentsiodun izaerarekin bat datorren EAEko aurrekontuen bidez osatzea eskatzen dugu. Beraz, prestazio horrek ezaugarri propioak ditu".

Zehaztu dutenez, "HELarekin eskatzen dugun osagarria egiturazkoa da, ez da osagarri puntuala edo aldi baterakoa. Pentsiodunaren eskubidea da, bizikidetza-unitatearen diru-sarrerek mugatzen ez dutena. Osagarri horrek ez du lan egiteko ezinduta dagoen pentsioduna kanpoan uzten, ezta kotizaziopeko eta kotizazio gabeko pentsioa jasotzen duen pentsioduna ere. Osagarri horrek genero-arrakala murrizten laguntzen du, bertan sartzen baitira pentsioa eskuratzeko garaian ugalketa- eta zaintza-lanetan lan egindako urteak aitortuta ez dituzten emakumeak".

Mobilizaziorako deia
Ekimena aurkezteko eguna finkatua dago. Irailaren 26an izango da. Ostegun goiz horretan, Gasteizen kokaturiko ganberaren atarian mobilizatzeko deia egin du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, goizeko 11:00etan, "aurkezpenari babesa emateko". Deitzaileen esanetan,  "EAEko Legebiltzarrean HEL hori onar dadin lortzea, neurri handi batean, gure mobilizazio-gaitasunaren mende dago; horrela, neurri atzerakoiak indargabetzea lortu dugu, hala nola, pentsioen errebalorizazioa edo jasangarritasun-faktorea. Eta horrela, zalantzarik gabe, pentsiodunek bizi-baldintza duinak lortzeko arazorik ez izatea lortuko dugu, beharrezko diru-sarrerarik ez dutelako. Adinekoak zaintzeko gai ez den gizatea ez da herrialde bidezkoa eta solidarioa", ohartarazi dute.

Horregatik, "pentsiodun, langile eta herritar guztiei dei egiten diegu helburu horrekin inplikatzeko. Jende gazteari berariazko deia egiten diegu, batzuetan itxaropena galdu dutela ematen baitu egunen batean pentsio duina eskuratuko dutenik. Oraintxe da lortzeko unea", gogorarazi dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik aurreikusi dutenez, "hau izango da irabaziko duen bigarren borroka handia. Lehen jarduketa gisa, HEL aurkeztuko dugu EAEko Legebiltzarrean izapidetzeko onar dezaten".