Matrikulazio kanpaina betean egon den Etumeta AEK euskaltegiak urrian sartzearekin batera, gaur ekingo dio 2024-25 ikasturte berriari. Gogoan izan, eskaeraren arabera, maila guztietako ikastaroak eskaintzen dituzte.
Dirulaguntzak
Kontuan izan baita; euskara doan ikasi daiteke Usurbilen. Izan ere %80ko parte hartzea egiaztatuz gero, Udalak matrikulazioaren %100a ordaintzeko laguntza eskaintzen du, gehienez 600 eurora arteko mugaren baitan. Horrez gain, ordea, HABEk ere dirulaguntza lerro berezi bat eskainiko du C1 edo B2 mailako ikastaroak egiten ari diren 16-18 urte arteko gazteentzat. Laguntza horrekin matrikula 66 eurotan bideratu ahalko dute. Laguntza lerro berri bat ere iragarri du HABEk, A0 edo A1 mailako ikastaroak egingo dituztenentzat. Hauen kasuan, astero 10 orduko ikastarorako 198 euro ordaindu beharko dituzte, 162 euro astero 8 orduko ikastaroen kasuan. A1 mailako ikastaroa gaindituz gero, HABEk %100eko matrikula gastua itzuliko diete. Ikasturte amaieran egin beharko dira laguntza hauen eskaerak; udal dirulaguntzarenak ekainean, uda partean edota udazkenean HABEri lotutako laguntzenak.
Ikastaroak
Gogoan izan, Udalarekin lankidetzan bi ikastaro antolatu dituela euskaltegiak:
-Etorri berrientzako doako hastapen ikastaroa astearteetan, 18:15-19:45 artean Potxoenean. Izen-ematea euskara@usurbil.eus atarian edo 943 371 999 telefono zenbakian.
-Jubilatuentzako doako oinarrizko euskara ikastaroa ostegunetan, 18:15-19:45 artean Artzabalen. Izen ematea: 10:00-12:00 artean Artzabalen edo 943 371 999 telefono zenbakian.
Gainerako ikastaroetarako izen-ematea eta argibide gehiago bideotatik jaso ahalko duzue:
Nagusia, 43 (astelehenetik ostegunera 11:00-13:00 / 17:30-20:00. Ostiraletan, 11:00-13:00)
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek