Eskuz landutako denetariko produktuen erakustokian bilakatuko da herri hau beste behin, azaroaren lehenean. Artisauen eta artisautza estimatzen dutenen topagunea izango da Usurbil bihar, hilaren 1ean. Izan ere, Aitzaga Kultur Elkarteak 28. Artisau Azoka antolatu du. Denetariko artisau lanak ikusgai izango dituen hamarnaka postuetan barrena osteratxoa egin ahalko da. Horrekin batera, erosketak ere egin ahalko dira.
Postuaren alde banatan daudenak hartuemanetan jartzeko aukera paregabea izango da aurtengoan ere. "Hogeita hamar postu inguru izango dira: bitxigintza, kosmetika, egur-lanketa, zeramika, otarregintza, metalgintza...", aurreratu dute antolatzaileek. Horrekin batera, "baserri-giroko azoka ere egingo da, eta taloa jateko aukera izango da", goizeko 11:00etan hasita frontoian eta Askatasuna plazan. Izan ere, garai batean frontoian soilik egiten zuten azoka azken urteotan eremuz zabaltzen joan dira. Duela bi urte, Dema plazara hedatu zuten azokaren gunea, iaz Askatasuna plazako estalpera baita. Aurten ere halaxe egingo dute.
Erakusgai nahiz salerosketarako jarritako postuekin batera, "baserri-giroko azoka ere egingo da eta taloa jateko aukera" eskainiko da antolatzaileek gogorarazi dutenez.