Maiatzaren 3an, BEC-en

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omentzeko jaialdi erraldoi bat iragarri dute

Erredakzioa 2024ko aza. 27a, 12:55

2025ean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen 'Maite zaitut' kantak 20 urte beteko ditu. Urteurrena baliatuz, diziplina ezberdineko artistak batuko dira eta pailazoak omentzeko ikuskizun bat eskainiko dute maiatzaren 3an, BECen. Amagoia Mujika da jaialdiko sustatzaileetako bat eta berak eman ditu jaialdiaren inguruko hainbat xehetasun.

Ane Labakak osatuko du emanaldiko gidoia eta Agurtzane Intxaurraga izango da zuzendari artistikoa. "Ez da pailazoen ikuskizun bat izango", ohartarazi dute. "Beraiek han egongo dira baina omenduen tokian. Herriak pailazoei eskainiko dien eskertza-ekitaldia izango da". 

Maiatzaren 3an, 14.000 lagun espero dituzte BECen. Jaialdia 17:00etan hasiko da eta 20:00etan amaituko da.

 

Sarrerak ostiralean jarriko dituzte salgai

Nerea Godoy Maite Zaitut elkarteko kideak aditzera eman duenez, sarrerak ostiral honetan jarriko dira salgai, goizeko 11:00etan, nikeremaitezaitut.eus web orrialdean.