Parke eolikorik ez momentuz, Ezkeltzun

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 16a, 16:51

Ezkeltzun eraikitzekoa zuten parke eolikoaren egitasmoa, momentuz ez dute gauzatuko.

2022ko otsailean jakin zen Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko zegoen asmoa. Hortik aurrera, ibilbide bat egin du gaiak, baina badirudi, momentuz, proiektuak ez duela aurrera egingo. Hala jakinarazi dio behintzat, Eusko Jaurlaritzak Usurbilgo Udalari, pasa den azaroaren 19an kaleraturiko ebazpen baten bidez.

“Espedientea iraungitzat eta amaitutzat jotzea” ebatzi du, “jarduketak artxibatu” egingo direla iragartzearekin batera. Ondorioz, “indarrik gabe uztea” erabaki du Jaurlaritzak “2022ko apirilaren 4ko ebazpena, lehia-prozedura ebazten duena”. Halere, aipatu erakundetik ohartarazi moduan, “ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen eta bere aurka Gora Jotzeko Errekurtsoa jar daiteke”.

Ibilbide gorabeheratsua
Aipatu moduan, 2022ko otsailean izan genuen egitasmo honen berri. Green Capital Development enpresak urte hartako urtarrilaren 24an “aurretiazko administrazio-baimena” eskatu zuen Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko. Handik bi hilabete pasatxora, apirilaren 4an, aipatu enpresaren aurreproiektua aukeratu zuen Jaurlaritzak eta “sei hilabeteko epea jarri zitzaion”, beharrezko agiriak aurkezteko. Hala, maiatzaren 30ean, Green Capital enpresak parke eoliko horren “ingurumen-inpaktuaren irismenari buruzko dokumentua lantzeko” eskatu zuen. Agiri hori ebatzi zuen Jaurlaritzak irailaren 12an. Handik gutxira, irailaren 28an, aipatu enpresak egitasmo horren “aurretiazko administrazio-baimena eskatzeko epea” luzatzea galdegin zuen. Jaurlaritzak epealdi hori 2023ko urtarrilaren 12ra arte luzatzea erabaki zuen. Epealdi hau ixtear zela, urtarrilaren 11n, “besteak beste, oinarrizko proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aurkeztu zituen” baina handik gutxira, urtarrilaren 17an, horren izapidetzea “aldi baterako geldiaraztea eskatu zuen; aire-segurtasunarekiko balizko interferentziak hauteman zituztela eta”, horren inguruan Aire Segurtasunaren Estatuko Agentziak bere iritzia eman arte gutxienez.

Otsailaren 20an, epealdia eta luzapen aldia agortuta, “nahitaezko dokumentazioa bere osotasunean aurkeztu ez zuenez”, dokumentazio hori aurkeztea galdegin zitzaion Green Capital enpresari. Handik gutxira, martxoaren 2an, enpresak “konpromisoa hartu zuen hegazti-faunaren eta kiroropterofaunaren urteko jarraipen-kanpainaren nahitaezko txostena aurkezteko”, beranduenez, iazko maiatza amaierarako.

Urtebetez horren berririk izan ez ostean, aurtengo ekainean berretsi zion aipatu enpresak Gipuzkoako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzari txosten hau helarazteko konpromisoa, ekainaren 18an aurkeztu zuen. Handik hiru egunera eskatu zitzaion enpresa horrek “berrabiarazi zezala administrazio-baimena, aldez aurretik jakinaraziz, errekerimendua bete gabe hiru hilabete igaro ondoren, prozedura iraungitzat joko zuela, eta bere eskaera atzera egindakotzat joko zuela”. Urriaren 31ra arteko epealdia jarri zion Eusko Jaurlaritzak horretarako. Baina denbora tarte hori ez zuen bete Green Capitalek. Ondorioz, “emandako epeak gainditu direnez, espedientea berrabiarazteko eskatu gabe, iraungitzat jo behar da”.

Honenbeste, gaurkoz, Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko egitasmoak ez du aurrera egingo.

Kalteen ohartarazpena
200 metroko lau aerosorgailu eraiki asmo zituzten Ezkeltzun. Horrek ekar zitzakeen kalteez ohartarazi eta egitasmoa gerarazteko sortu zuten Andatza-Ezkeltzu Bizirik herri plataforma. Gaia pil-pilean zela, besteak beste, txangoa antolatu zuen 2023ko ekainean eremura bertara. Parke eolikoak "babestu nahi dugun ondare natural eta kulturala" arriskuan jar zezakeela salatu zuten bisita gidatu hartan. Izan ere, "paisaia eta kultura aldetik balio handikotzat" jotzen den eremuan eraiki asmo zuten instalakuntza hori.

"Lur mugimendu ikaragarriak ekarriko lituzke ekimenak, porlana eta pista zabalak gure mendietan, beste kalte larrien artean". Bioaniztasuna arriskuan jarriko lukeela zioten, tokiko abeltzaintza ere kaltetuko lukeela. Horrez gain, errota hauek "kilometrotara zabaltzen dituzten infrauhinak sortzen dituzte", epe luzera zenbait gaixotasunen eragile izan daitezkeena aipatu plataformatik ohartarazi zutenez. Parke eolikoak galbidean jar zezakeen, gainera, tokiko memoria historikoa, 1936ko gerraren Saseta Defentsa Sistemaren baitan kokatua baitago zonaldea. 2021eko indusketa lanetan, “3.000 elementu baino gehiago dokumentatu ziren” bertan.

Erlazionatuak