Sareren Bilboko manifestaziorako autobus zerbitzuan izena eman daiteke

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 7a, 09:22

Larunbateko Bilboko manifestaziora joateko autobus zerbitzua antolatu du urtero moduan, Usurbilgo Sarek. Zerbitzu hori baliatzeko izena eman daiteke jada herriko lau tabernetan.

"Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza" aldarripean manifestazio nazionala deitu du Sarek larunbaterako, urtarrilaren 11rako Bilbon. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da La Casillatik. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Sarek. Dagoeneko izena eman daiteke Txiribogan, Aitzagan, Txirristran eta Bordatxon jarri dituzten zerrendetan.

Gogoan izan, hitzordu hau girotzeko mus txapelketa egin zuten urtarrilaren 4an frontoian. Segidan duzue, larunbateko mobilizaziora begira Sarek plazaraturiko adierazpena. Babes zabala jasotzen ari da deialdia. Dagoeneko EH Bildu, EH Bai, Junts, ERC, CUP, Més Per Mallorca alderdiek bat egin dute manifestazioarekin; ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CGT, CNT eta ETXALDE sindikatuek; edota Bakebidean, Egiari Zor, Gure esku Dago, Paz con Dignidad, Harrera, Etxerat, Ernai, ANC, Omnium Cultural, Kataluniako abokatutzaren Koordinadora eragileek. Haiez gain, "politikarien, sindikatuen eta elkarteen ordezkaritza zabal horrekin batera, kultura, unibertsitate, kirol eta abarren arloko pertsona ugarik helarazi digute manifestazioari atxikimendua", berri eman du Sarek.

Bizumkada nazionala
"SARE, erakundeen diru laguntza oso gutxirekin lan egiten duen elkartea da, eta sare kideen laguntzen eta antolatzen ditugun ekitaldi eta manifestazioetan egiten ditugun diru-eskeen bidez egiten du aurrera", gogorarazi du Sarek. Lanean jarraitzeko baliabideak behar dituztenez, Bizumkada Nazionala ekimena abiarazi dute, "euskal gizarteari gure lana egiten jarraitu ahal izateko beharrezkoa den laguntza ekonomikoa eskatzeko". Urtarrilaren 14ra arte parte har dezakezue diru ekarpenak egiteko kanpaina honetan. Helbide honetan dituzue xehetasunak: sare.eus/bizumkada/

Sareren datozen deialdiak
Urtarrilaren 11ra arte
Urtarrilaren 11ko Bilboko manifestaziora joateko Usurbildik antolaturiko autobus zerbitzuan izen-ematea ohiko tokietan: Txiribogan, Aitzagan, Txirristran eta Bordatxon.

Urtarrilak 11, larunbata
15:00 Sareren Bilboko mobilizaziora joateko autobus zerbitzua Oiardo kiroldegitik.
17:00
Sareren mobilizazioa Bilboko La Casillatik.

Bilbon, manifestazio aurretik:
12:30 Dultzainero eta buruhandiak Etxebarrieta plazatik.
12:30 Txistulariak Santamaria kaletik.
12:30 Trikitilariak Barrenkale barrenatik.
13:00 Berakatz kantuz taldea Zamudioko ataritik.

Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Deitzailea: Usurbilgo Sare.


Sareren adierazpena
Behin betiko konponbidea
Arazoak, handiak nahiz txikiak, lotuta egoten dira eguneroko gorabeherekin, eta batzuetan hutsalak dira eta beste batzuetan historiaren norabidea alda dezakete. Arazo horietan guztietan ziklo bat betetzen da: sortu, garatu eta konpontzea. Edo ezer ez egitea. Konpontzen ez diren arazoak, ordea, gaiztotu egiten dira, eta gizartean sakondu egiten da arrakala, sufrimendu handia pasatu ondoren elkarbizitzan aurrera egin behar duen gure jendartean. Arazoetako batzuetarako soluzioak aurkitu dira. Gatazka luze honen beste ondorio batzuek, aldiz, oinazea eta bidegabekeria eragiten dituzte oraindik. Ondorio horien artean nagusietako bat euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespenak dira, haien eskubideak urratzen segitzen dutenak, ETA desagertu zenetik sei urte baino gehiago iragan badira ere. Behin betiko konponbide bat behar da, beraz, gai horretan ere.

Behin betiko elkarbizitza
Espetxeen, erbesteratuen eta deportatuen auzirako konponbide justua lortzeak lagunduko digu denoi elkarbizitza sendoa eraikitzen. Eta horretan lagungarria izango zaigu, halaber, gure herrian sufritu ditugun indarkeria guztien biktimei aitortza eta babesa ematea. Biak ala biak gure herrian betiko elkarbizitza lortzeko gako nagusiak dira.

Behin betiko bakea
Indarkeriarik ez egotea ez da nahikoa gure herrian konfrontazioak utzi dituen bidegabekeriak bukatutzat emateko. Euskal gizarteak gainditu ditu sufritutako bortxazko egoerak, eta garaia da bizitako konfrontazioaren emaitza diren bidegaberiazko egoerak ere gainditzeko. Euskal gizarteak, eskuzabaltasunez, zintzotasunez eta erantzukizunez, azken hamarkada honetan erakutsi du posible dela askatasunean bizitzea eta aurrera egitea, ahaztu gabe baina gorrotoan tematu gabe. SAREn lanean segituko dugu agertoki hori lortzeko, eta bake justuaz hitz egiten oraindik uzten ez diguten korapiloak askatzen lagunduko dugu hemendik aurrera ere. Askatasunean eta bestearekiko begirunez bizi eta jarduteak ekartzen dituzte elkarbizitza eta behin betiko bakea. Helburu hori amets bat baino zerbait gehiago da. Euskal gizartean lortu behar dugun gutxienekoa da, eskubidea dugulako hurrengo belaunaldiei guk gure aurrekoengandik jaso genuena baino gizarte hobea uzteko.

Horregatik guztiagatik, helburu hori lortzea gu guztion kontua da. ESKUBIDEEZ ari gara. GIZA ESKUBIDEEZ ari gara eta hori da hain zuzen ere euskal gizartearen gehiengo zabala batzen duena.

Datorren urtarrilaren 11n, Bilboko kaleak, euskal gizarteak guztioi eskatzen digunaren adierazpen argia izango dira. Ordua da. Behin betiko: KONPONBIDEAREN, BAKEAREN ETA ELKARBIZITZAREN UNEA DA.


Erlazionatuak