Donostian sortu arren, ama Usurbilgoa du eta lotura gehiago ere bai herri honekin, besteak beste, esaterako, NOAUA! kidea delako edota Baba Beltz Txikiaren Kofradiako kidea. Iñaki Almandoz Aranburuk jaso du, besteren artean, 2025eko Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina. Izan ere, 50 urte bete dituen Askatuak saskibaloi taldeko sortzaileetako bat eta lehendakaria da bera. "Bere historia Gipuzkoako saskibaloiaren historia da. 1975ean sortutako kluba prestakuntza-kategoria guztietan ari da lanean – baita profesionaletan ere –, saskibaloiaren praktika sustatzeko eta saskibaloi ez-profesionalean erreferente izateko", nabarmendu du Donostiako Udalak.
Astelehen honetan, urtarrilaren 20an ospatzen ari diren San Sebastian egun honen bezperan banatu zituen Gipuzkoako hiriburuko udalak domina hauek udaletxean bertan. Mestiza elkartea, Gipuzkoako Elikagaien Bankua, Contxu Uzkudun diseinatzailea eta Radio San Sebastian omendu dituzte aurtengoan. Eta haiekin, aipatu moduan, Almandoz bera. Hiriarentzat eredugarritzat jo zituen bertako alkateak Donostiaren alde lan egindako omendu guztiak.
Donostiako Udalak zuzenean eskaini zuen ekitaldi hau. Gipuzkoako hiriburuak eskainitako emanaldia duzue albiste honi atxikia.
Usurbil gogoan
Domina hau berari ematea erabaki zutenak eskertzearekin batera; hitza hartzeko aukera izan zuenean bidelagunak omendu zituen Almandozek; zendutako emaztea, klubeko kideak oroitu zituen oso hunkituta. Era berean, hunkituta oroitu zuen baita Martuteneko baserrian jaio arren, uda garai luzeak igarotako herri hau, Usurbil. "Artze anaiak, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxe Angel Irigarai, Ez Dok Amaitu, Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Jose Luis Zumeta edo Juan Antonio Urbeltz ezagutu nituen". Bere esanetan, haiek ikusi, entzun eta ezagutzeak "inpaktu emozional handia eragin zidan, grabatua dudana".
Kultur sortzaileak oroitu arren, bere ibilbidea kirol munduari estuki lotua egon da. Martuteneko baserri batean jaiotzeak ez ziola eman berak gustuko zituen kirol jarduerak egiteko aukera oroitu zuen. "Ondorioz, Athletico San Sebastianen amaitu nuen", gogoratu zuen.
1975ean Askatuak saskibaloi taldea sortu zutenen artean zen Almandoz. "Ezin zitekeen pentsatu, 50 urte geroago zuen aurrean agertuko nintzenik" zioen. Mende erdi honetan, bidelagun izandakoak oroitu zituen; tartean zendutako emaztea edota talde kideak. Gertuko bi kideren heriotzak eraman zuen klubeko lehendakaritzara. "Bertigoa eta hanketan dardara handia sentitu nuen". Egun, "Askatuak taldeak bereari eusten dio eta 50 urte geroago ilusionatua jarraitzen du". Oroitu zuenez, klubetik bertatik 10.000 gazte donostiar, ehunka guraso eta entrenatzaile, eta hamarnaka kide igaro dira zuzendaritzatik.
Euskara hurbiltzeko gonbita
Bere esanetan, saskibaloi talde izateari utzi gabe, errendimenduaz gain, kirolaren bidez pertsonak heztea helburu duen baloreen eskola da Askatuak. "Elkartasuna, talde lana, esfortzuaren kultura, konpromisoa, integrazioa, boluntariotza, egunero gazteen artean sustatzen ditugun baloreak dira". Inguruan klub bakarra da zioenez, desgaitasunen bat dutenen taldeari eusten diona.
Euskarari ere gorazarre egin nahi izan zion bere adierazpenean. "Nire desioa izango zen dena euskaraz egitea. Denok ulertzeko ez dut hala egin". Horregatik, euskarara hurbiltzeko gonbita ezagin zuen, geure hizkuntza ulertu eta ezagutzera, hitz egiteko. "Geure herriko, Euskal Herriko antzinako altxor handia da".