Hegoaldeko zuhaitz-igelaren babesgunearen hesidura konpontzeko eskaera

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 18a, 10:54

Herrikide batek berri eman digunez, iragan astean izandako ezbehar baten eraginez hautsia dago, Igaratik Kalezarrera bidean dagoen hegoaldeko zuhaitz-igelak bizitoki duen eremuko hesia.

Herrikide batek helarazitako argazkiak dituzue albiste honi atxikitakoak, Igara aldetik Kalezar aldera bidean dagoen ur-putzua inguratzen duen hesiaren irudiak dira. Puskatua ageri da. Izan ere, antza, herrikide honen esanetan, ezbeharra izan zen iragan astean; ibilgailu batek hesigune hau zeharkatu zuen. "Espero gidariak kalte pertsonalik jasan ez izana", adierazi digu beste ezer baino lehen, herrikide honek.

Bide batez, "ea gunea babestearren, babesa lehenbailehen berreskuratzen den", hautsia dagoen hesia konpontzea galdegin du.

"Galtzeko arriskuan"
Bistan den moduan, hesitua egoten da inguru hori, babesgunea baita; hegoaldeko zuhaitz-igela babesteko eremua hain zuzen. Izan ere, Haritzalde Naturzaleen Elkartearen arabera, "Kantauri isurialdean eta Piriniotan ezagutzen den espezie honen populazio bakarra Donostia, Orio eta Usurbilen artean dagoen Mendizorrotz mendian aurki daiteke". Ondorioz, "Arriskupeko Itsas eta Basa Landaredi eta Fauna Espezieen Euskal Katalogoa”ren arabera (167/1996 Dekretua. Ekainak 9- EHAO 140 zkia, 96-VII-22), Euskal Autonomi Erkidegoan galtzeko arriskuan agertzen den anfibio bakarra dugu".

Igel honek, "5 zentimetro inguruko luzera izaten du eta berde kolorekoa da. Azala dirdiratsua eta ikutuz gero, leuna somatzen da. Lau anketako behatzetan diska itsaskorrak dituzte eta horietaz baliatzen dira zuhaitzetara igotzeko". Espezie honek "zuhaitz-igela (Hyla arborea) familikoa dute, baina duten desberdintasunetariko bat, garbiena, azken honek gorputzaren alboetan duen marra iluna da. Hegoaldeko zuhaitz-igelak duen marra, ordea, sudur zuloetatik bakarrik besapeetaraino luzatzen da".

Igelok bizitoki izaten dute aintzira, urtegi edota putzuetan hazitako landaredia. "Orduak ematen dituzte landare altuetan eta zuhaitz eta zuhaixken adarretan igota, mugitu gabe, paisaia berde horretan kamuflaturik. Igeltxo hauek duten kolorazio kriptikoari esker, ia ikustezinak bihurtzen dira, harraparien aurkako sistema ezin eraginkorragoa izanik. Gauez oso aktiboak dira, intsektujaleak eta ehizan oso trebeak".

Urtaroaren arabera, bizitokiz aldatzen dute. "Negua, lohia, orbela, harrien artean izkutaturik pasatzen dute eta udaberrian, urmael eta zingiretara, masiboki, hurbiltzen dira. Gerturatzen diren lehenengoak, arrak izaten dira eta kantari hasten dira emeak erakartzeko. Lehia bizia sortzen da eme baino ar gehiago dagoelako. Ugalketa garaia espezie honentzako unerik latzena da, kantuek harrapariak ekarri ditzaketeelako. Orduan, hezeguneen landaredia, hau da ihiak, lezkak, karizeak eta, ezinbestekoa dute mimetikoki babesteko. Hiru hilabete inguru pasa eta gero, igeltxo gazteak, landareetara igotzen dira eta udazkenean, den-denak beren neguko gordelekuetara abiatzen dira".

Igelok desagertuko balira, "aniztasun eta aberastasun biologikoa" galduko litzateke Haritzalderen esanetan, eta "Naturaren Kontserbaziorako Legeen baliotasun eza ekarriko luke".

Natur Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunak 2023ko udaberrian argitaratu zuen arriskuan dauden espezieen zerrenda, eta bertan jarraitzen zuen zuhaitz igelak ere. Jon Garin Aranzadiko espeleologoa elkarrizketatu zuen urte hartan NOAUA!-k eta Igeldo, Orio eta Usurbil inguruan bizi den igelaren inguruko xehetasunak eskaini zizkigun. Esteka honetan, irakur dezakezue elkarrizketa hori:
"Zuhaitz igelak urte osoan urez beteta mantentzen diren putzuak behar ditu"