Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak apirilaren 1eko bilkuran onartu zuen "Lasarte-Oria, Usurbil, Hernani, Astigarraga eta Urnieta udalerriei eta Pasaiako mendebaldeari prebentzio, su itzaltze eta salbamendu zerbitzua emateko hitzarmen berria".
Hiriburuko udaletik zehaztu dutenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak Lasarte-Oria, Usurbil, Hernani, Astigarraga eta Urnieta udalerriei eta Pasaiako mendebaldeari prebentzio, itzaltze eta salbamendu zerbitzua emateko egin duen kudeaketa-enkargua" onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak "zerbitzu hori subsidiarioki bermatzeko, Foru Aldundiak horretarako baliabide propio egokirik ez duen bitartean. Hitzarmenaren xede den udalaz gaindiko kudeaketa-enkarguaren erabilera konpentsatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2.750.000 euro ordainduko dizkio Donostiako Udalari 2025. urterako".
"Akordioa antzua da"
Hitzarmen hau "oso berandu" datorrela eta gipuzkoarron "behar eta exijentziak" ez dituela betetzen adierazi du, Donostiako Udaleko Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzua (PSISZ) osatzen duten langileen kolektiboak. Ohar bidez jakinarazi dutenez, hitzarmenak ez du langile berrien beharrik jasotzen, "laguntza teknikoko irteerak akordiotik kanpo geratu dira", "ez da kontuan hartzen zein zerbitzu iristen den lehenago" edota "ez da pausorik ematen komunikazio zentralen bat-egitean".
Horregatik, diotenez, "akordioa antzua da eta ez ditu Gipuzkoako lurraldean suhiltzaile zerbitzuari dagokionean dauden arazoak bere gain hartzen". Giza baliabideak ezartzeko eta "funtzionamendu operatibo bateratuan lan egiteko" borondate falta egotzi diete Aldundiari eta hiriburuko Udalari.
Aldunditik Udalak jasoko duen finantziazioaren handitzea "ez da zerbitzuko aurrekontuan islatuko". Berretsi dutenez, egungo langile kopurua ez da aski "Donostiako udalerriak beharko lukeen zerbitzua emateko, eta, beraz, are gutxiago, Donostialdeko hiriei zerbitzu duina emateko ere", tartean Usurbili.
"Ezin segurtasuna ziurtatu"
Izan ere, kalkulatua dutenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen ratioak berdintzeko, txanda bakoitzeko sei suhiltzaile gehiago (36 suhiltzaile denera) beharko genituzke Donostialdeko hiriei zerbitzu seguru eta kalitatezkoa emateko eta suhiltzaile bat gehiago txandako Donostiari zerbitzua emateko (42 denera)". Horrez gain, komunikazio zentralerako beste langile bat behar dutela galdegin dute.
Zenbakitan azaldu dute hori guztia. "Gipuzkoako Foru Aldundian 34 suhiltzaileko zaintza taldea da (sarjentuak zenbatu gabe), 469.312 pertsonari zerbitzua eskaintzeko. Aldundiarekin egindako akordioagatik 76.074 pertsonari eskaintzen diegu udal zerbitzutik arreta. Gure kasuan 13 pertsonako gutxieneko taldea dugu sarjentua zenbatu gabe, denera 265.000 pertsonari arreta emateko".
Arreta eskaintzen dute eremu horren baitan da Donostiarekin batera Usurbil, baita udalerriok ere; Hernani, Lasarte-Oria, Astigarraga, Urnieta eta Pasaia (Antxo, Trintxerpe eta San Pedro). Horregatik, ohartarazten ari direnez, "ezin segurtasuna ziurtatu".
Ondorioz, premiazkotzat jotzen dute "donostiarren eta Donostialdeko beste herritarren segurtasunagatik" hiriburuko udalak jasotako milioi bat euro "behar diren langileen kontratazioan inbertitzea".
Asteak daramate mobilizazioetan eta apirilearen sartzearekin batera, gauza bera egin dute. "Langile falta aldarrikatzen jarraituko dugu, hiri seguru baten eta zerbitzu moderno baten alde", iragarri dute.