Gaur helduko da lehen gazte taldea Ziortzakoen kanpaldira

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 8a, 09:19

Berrogei urte betetako aisialdi elkarteak Errioxako Peñaloscintosen egokitu duen kanpaldira iritsiko da astearte honetan, aurrez izena emana zuen lehen gazte taldea.

Usurbilgo jaiak amaitu ostean, udako aisialdi ekimenen garaia heldu da. NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolas, aurten inoiz baino goizago abiarazi zuten, iragan ekainaren 30ean. Herriko festa egunetan etendako eskaintza berriz abiarazi dute aste hasiera honetan.

Udaberrian bideratu zuten ekimen horretarako izen-ematea, baita Ziortza Gazte Elkarteak ere udako kanpaldirako. Errioxako Peñaloscintosen kokatua duen eremura astearte honetan, uztailaren 8an helduko da lehen gazte taldea. “Uda ederra izango da aurtengoa ere”, iragarria dute, 40 urte betetako Ziortza Gazte Elkartetik.

Kanpaldi jendetsua
Gaur abiatuko dira Usurbildik Errioxarantz DBH3 eta 4ko 70etik gora lagun, hamar bat egunerako. Astebete inguruko egonaldia egingo dute gero, nork bere aldetik DBH 2ko 50etik gora lagunek eta 1. mailako beste 33 kideek. Jendetza mugiaraziko du aurtengo kanpaldiak ere. “Guretzat garrantzitsua izaten da adinak nahastea, baina kanpaldiko baliabideak mugatuak dira eta” ezinezkoa zaie adin tarte guztiotako gazte guztiei aldi berean Errioxako Peñaloscintosera joateko aukera ematea. “Pena da, baina ezin da. Horregatik oso baliotsuak dira urtean zehar egiten ditugun ekintzak”, ziurtatu dute Ziortzatik.

Halere, pozarren dira, “40 urte eta gero jende asko elkartzen delako” auzolana ardatz duen ekimen honen bueltan.

Izan ere, auzolan horri esker bideratu dituzte urtero moduan, kanpaldiaren muntaketa lanak. Zereginotan jardun zuten ekainaren 28ko egunpasan. Abuztuaren 9an egokituko da bilketa lana. “Herritar oro” gonbidatu dute Ziortzatik auzolanera.

Usurbilgo jai berezi askoak bizi ostean ekingo diote udako kanpaldiari Ziortza Gazte Elkarteko kideek. Izan ere, betetako berrogei urteen ospakizunetan murgildu ziren maiatza amaieran. Lehenago, Sagardo Egunari ekiteko ohorea izan zuten Zumarte Musika Eskolakoekin batera. Aipatu bidelagunekin ekin zieten baita iragan uztailaren 1ean herriko festei eta Santixabel eguneko ohorezko soka-dantzan ere aritu ziren Zumartekoekin batera.