"Tentsio handiko etxebizitza-merkatuko eremu" dugu ofizialki Usurbilgo udalerria gaurtik. Gogoan izan, martxoa amaieran jakinarazi zuen Usurbilgo Udalak Eusko Jaurlaritzari. "Izendapen hori eskuratzeko, bi baldintza ezarriak ditu Etxebizitza Eskubideari buruzko 12/2023 legeak, eta bietako bat betetzea nahikoa da izendapena eskuratzeko: horixe da Usurbilen kasua, eta eskaera egingo du ofizialki martxoaren amaieran", jakinarazi zuen.
Bi hilabete geroago, Usurbilgo Udalak eginiko izendapen eskaeraren prozedura abiarazi zuela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, maiatzaren 30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.
Hiru urteko indarraldia gutxienez
Ostiral honetan, irailaren 12an heldu da ofizialki Eusko Jaurlaritzaren erantzuna. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez nahiz Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren berri eman duenez, "Usurbilgo udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu" izendatu du, Astigarragarekin batera. "Usurbilgo Udalak aurkeztutako eskabidea eta dokumentazioa ikusirik eta udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratzeko igorri den justifikazio-memoria azterturik, uste dugu nahikoa egiaztatu dela Etxebizitza Eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legearen 18.3.a) eta b) artikuluan aurreikusten diren inguruabarrak badaudela, Usurbilgo udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratzeko", erantzun dio Jaurlaritzak udaberrian Udalak eginiko eskaerari.
"Deklarazioak hiru urteko indarraldia izango du, eta urtero luzatu ahal izango da prozedura berari jarraituz, baldin eta deklarazio hori eragin zuten inguruabarrek bere horretan badiraute, eta aurreko deklaraziotik egoera leheneratzeko edo hobetzeko hartu diren neurriak eta ekintza publikoak justifikatu ondoren", Jaurlaritzak azaldu duenez.
Errenta-mugaketa eta edukitzaile handiak
Aipatu moduan, lehenengo zehaztasunak aldizkari ofizialen bidez eman ditu Jaurlaritzak. "Usurbilgo udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratzearekin" batera, eremu horretan edukitzaile "dauden higiezinei dagozkien etxebizitzen errentamendu-kontratuei Hiri Errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 17.7 artikuluan jasotzen den errenta-mugaketa aplikatzea" erabaki da. "Mugaketa horren arabera, toki bat eremu tentsionatu deklaratu eta hurrengo bost urteetan errentamendu-kontraturik indarrean ez duten higiezinetan, kontratu berriaren hasieran hitzartzen den errentak ezingo du gainditu erreferentziazko prezioen indizeen sistemaren arabera aplikatzekoa den prezioaren gehieneko muga". Indize hori iraila amaierarako prest izango dela aurreikusia dute.
Horrez gain, "edukitzaile handitzat" jotzen du izendapenak, "eremu horietan kokatuta dauden bizitegi-erabilerako bost hiri-higiezinen edo gehiagoren titularrak edo bizitegi-erabilerako 1.500 m2-tik gorako azalera eraikiaren titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak, garajeak eta trastelekuak alde batera utzita, eta salbuespena izanik administrazio publikoen, haien ente instrumentalen edo haien partaidetza nagusia duten sozietateen titulartasunekoak diren etxebizitzak".
"Nahikoa egiaztatu da"
Jaurlaritzak berak gogorarazi duen moduan, "2025eko martxoaren 31n, Usurbilgo Udalak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eskatu zion has zezala Usurbilgo udalerria tentsio handiko eremu izendatzeko prozedura, Etxebizitza Eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legearen 18. artikuluaren arabera". Gerora, maiatzaren 2an, "hasiera ematen zitzaion Usurbilgo udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratzeko prozedurari, eta jendaurrean jarri zen" hogei egun balioduneko tartean. Inork ez zuen alegaziorik aurkeztu "garaiz eta behar bezala".
Horren ostean, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailetik adierazi dutenez, "administrazio-espedientearen barruko dokumentazioa ikusirik, Usurbilgo udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratzeko behin betiko justifikazio-memoria idatzi zen". Memoria honen xedea da, arrazoitzea "deklarazioaren xede den eremuko egoiliarrentzat etxebizitza nahikorik ez egoteko arrisku berezia dagoela; bestetik, interesdun udalerriari entzuteko eta informazioa jendaurrean jartzeko izapideak egin dira, eta ez da alegaziorik jarri ez batean, ez bestean".
Memoria horretan egiaztatu beharra zegoen, eta hala egin da, "bi inguruabar hauetako bat gertatzen dela" Usurbilen. Batetik, "hipotekak edo alokairuak –gehi oinarrizko gastuek eta hornidurek– aurrekontu pertsonalean edo bizikidetza-unitatearen aurrekontuan batez beste duten karga handiagoa izatea etxeko batez besteko diru-sarreren edo errentaren ehuneko hogeita hamar baino", edota, bigarrenik, "etxebizitza erosteko edo alokatzeko prezioak gutxienez ehuneko hiru puntu gehiagoko hazkunde metatua izatea kasuan kasuko autonomia-erkidegoko kontsumo-prezioen indizearen hazkunde metatuaren aldean, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratu aurreko bost urteetan".
Hala egiaztatu ahal izan du Usurbilgo Udalak. "Legez eskatzen diren prozedurazko izapideak betez izapidetu da prozedura. Hala, prestaketa-prozedura egin aurretik, justifikazio-memoria idatzi da, arrazoitzeko deklarazioaren xede den eremuko egoiliarrentzat etxebizitza nahikorik ez egoteko arrisku berezia dagoela; bestetik, interesdun udalerriari entzuteko eta informazioa jendaurrean jartzeko izapideak egin dira, eta ez da alegaziorik jarri ez batean, ez bestean".
Ondorioz, Jaurlaritzaren arabera, "Usurbilgo Udalak aurkeztutako eskabidea eta dokumentazioa ikusirik eta udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratzeko igorri den justifikazio-memoria azterturik, uste dugu nahikoa egiaztatu dela Etxebizitza Eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legearen 18.3.a) eta b) artikuluan aurreikusten diren inguruabarrak badaudela, Usurbilgo udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratzeko".
Edukitzaile handiak
Memoria horretan, edukitzaile handitzat nortzuk joko diren arrazoitu zuten, "honela: lege horretan ezarritakoaren ondorioetarako, edukitzaile handitzat jotzen dira bizitegi-erabilerako bost hiri-higiezin edo gehiagoren titularrak edo bizitegi-erabilerako 1.500 m2-tik gorako azalera eraikiaren titularrak diren pertsona fisikoak edo juridikoak, garajeak eta trastelekuak alde batera utzita, salbuespena izanik administrazio publikoen, haien ente instrumentalen edo haien partaidetza nagusia duten sozietateen titulartasunekoak diren etxebizitzak".
Errentamendu-kontratuetako errentatzailea edukitzaile handia bada, "kontratu berriaren hasieran hitzartutako errentak ezingo du gainditu erreferentziazko prezioen indizeen sistemaren arabera aplikagarria den prezioaren gehieneko muga, betiere aintzat hartuta etxebizitza alokatuaren eta etxebizitza kokatuta dagoen eraikinaren egoera eta ezaugarriak. Halaber, sistema horren oinarri metodologikoak arauz garatu ahalko dira, baita Estatuko eta autonomia-erkidegoetako informazio-sistema aplikagarriekin lankidetzan aritzeko eta datuak trukatzeko protokoloak ere".
Mugaketa hori aplikatuko da baita, "higiezina bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu batean badago Etxebizitza Eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legearen araberako deklarazioa indarrean dela, eta azken bost urteetan etxebizitzen errentamendu-kontraturik indarrean eduki ez badu".
Horrekin batera, aipatu memoria horretan, egokitzat jotzen da "bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratuetan dauden higiezinen etxebizitza-errentamenduko kontratuei Hiri Errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 17.7 artikuluan jasotzen den errenta-mugaketa aplikatzea, legez ezarritako gainerako neurriak bazter utzi gabe. Mugaketa horren arabera, toki bat eremu tentsionatu deklaratu eta hurrengo bost urteetan errentamendu-kontraturik indarrean ez duten higiezinetan, kontratu berriaren hasieran hitzartzen den errentak ezingo du gainditu erreferentziazko prezioen indize-sistemaren arabera aplikatzekoa den prezioaren gehieneko muga".
Etxebizitza-errentamenduko kontratuei buruz izendapen honek ere dioenez, "higiezina bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu batean badago Etxebizitza Eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legean ezarritako baldintzen araberako deklarazioa indarrean dela, kontratu berriaren hasieran hitzartutako errentak ezingo duela gainditu etxebizitza horretan azken bost urteetan indarrean egon den ohiko etxebizitza-errentamenduko kontratuaren azken errenta, aurreko kontratuaren errenta urtean behin eguneratzeko klausula aplikatu ondoren, eta ezingo dela baldintza berririk finkatu, errentariari aurreko kontratuan jasotzen ez ziren kuotak edo gastuak egotziko dizkionik".