Nola ikusten duzu emakumeen kirola?
Nire kirolean bai ikusten dudala desberdintasun handi bat gizon eta emakumeen artean, batez ere, partaide kopuruari dagokionez. Mutilak hamar aldiz gehiago direla ez esatearren, bederatzi aldiz gehiago dira mutilak. Mendiko duatloiean kopuru aldetik izugarrizko desberdintasuna ikusten da.
Nola lortu daiteke emakume gehiago mendi duatloiean ibiltzea?
Ez dakit. Baina azkenaldian konturatu naiz mendi lasterketetan emakume askoz gehiago dabiltzala. Hala iruditzen zait, eta errepideko bizikletan ere egunerokotasunean geroz eta emakume gehiago ikusten dira. Mendiko bizikletan, aldiz, ez dira hainbeste ikusten. Eta akaso hori izan daiteke jendeari atzera botatzen diona.
Eta arazorik izan duzu emakume izateagatik?
Ez. Mendiko duatloietan kristoren giro polita dago, giro euskaldun, sano eta herrikoia. Eta alde horretatik oso proba politak dira.
Denboraldiari dagokionez, noiztik nora izaten da?
Iraila bukaeran hasiko da denboraldia eta hilabete pasatxo irauten du. Astebururo izaten dira lasterketak.
Eta entrenatzeko nola egiten duzu?
Gaur egun ez dut bereziki horretarako entrenatzen. Ni nire kasan ibiltzen naiz kirolean eta gero proba horiek egiten ditut. Andatza da nire entrenatzeko tokia. Astean zehar, gertuko mendiak eta asteburuetan urrutiagokoetara joaten naiz.
Zer espektatiba dituzu hasiko den denboraldirako?
Nire bigarren denboraldia izango da, eta oraindik nahiko berria da niretzako. Nire helburua kirolarekin disfrutatzea da, ez daukat beste helburu espezifikorik.
Eta duatloietaz aparte baduzu beste ametsen bat, Zegama-Aizkorrin parte hartzea adibidez?
Hori gustatuko litzaidake, baina oraintxe bertan ez nago horretarako prestatzen. Bada amets bat baina oraintxe bertan ez. Kirolarekin egunerokoan disfrutatzea dut helburu, eta lasterketak toki berriak ezagutzeko dudan aitzakiak dira. Ez dut horrelako lasterketarik buruan, baina Titan Desert-en parte hartuko nuke.
Liga moduan funtzionatzen du?
Bai, Euskal Herriko liga bat bezala da, eta Euskal Herriko leku desberdinetan egiten dira lasterketak. Gehienak Gipuzkoan dira, baina badago baten bat Bizkaian eta Araban. Proba bakoitzean badago irabazle bat, baina postuaren arabera, puntuak gehitzen doaz.
Zenbat aurkari izan zenituen lehengo urtean?
Lasterketaren arabera. Esan behar da ere modalitate desberdinak daudela. Bat zuk proba guztia egitea da, eta bestea binakako lasterketa da: batek bizikleta egiten du eta besteak korri. Hor neska gehiago ikusi izan ditut.