Dagoeneko urte batzuk egin dituzu korrikalari gisa, lehian. Nola
ikusten duzu emakumeen kirola?
Kirol batzuetan beste kirol batzuetan baino hobeto dago emakumeen egoera. Nik atletismoa egin dut txikitatik, eta nahiko berdintasunarekin hezi izan nintzen. Atletismotik kanpo begiratzen nuenean, ikusten nuen egoera oso ezberdina zela. Gaur egun lan asko egiten ari da, baina oraindik egiteko dagoela uste dut.
Nabaritu duzu emakume gehiago dabiltzala kirolean?
Ni 2017an hasi nintzen mendi lasterketetan, eta egia da oso emakume gutxi ikusten zirela mendi lasterketetan. Asfaltoan emakume gehiago ikusten ziren, eta mendian zebiltzanak beti lagunduta ikusten ziren. Gaur egun bai ikusi dut gorakada bai lasterketetan baita mendira noanean ere.
Zerk uste duzu ekarri duela gorakada hori?
Sare sozialek bultzada handia eman diote nire kirolari. Kirol ikusgarria da eta asko saldu daitekeen kirol bat da, bai onerako eta bai txarrerako. Horrek, orokorrean, gorakada bat ekarri du, bai mutiletan bai nesketan.
Arazorik izan duzu mendi lasterketetan emakume izateagatik?
Nik pertsonalki ez dut kanpotik iruzkin txarrik jaso. Hasi nintzenean pare bat lasterketetan emakumezkoen sariak gizonezkoenak baino txikiagoak ziren. Baina gaur egun, gehiago zaintzen dela uste dut.
Zer moduz doa denboraldia?
Denboraldia ondo hasi zen, hainbat lasterketa egin nituen maiatzera arte. Maiatzean istripu txiki bat izan nuen eta erradioa eta kubitua hautsi nituen. Nire helburua euskal selekzioarekin Zegama-Aizkorrin partea hartzea zen, baina lesioaren ondorioz, ikusle bezala joan behar izan nuen. Geroztik errekuperazio prozesuan nago. Iraila bukaeran berriro lehiatzea espero dut.
Mendi lasterketetaz bizi zara?
Ez niretzat hobby bat da. Nik zortzi orduz lan egiten dut, eta lanetik kanpoko beste zereginak egin eta gero, gelditzen zaidan denbora entrenatzeko erabiltzen dut. Geroz eta profesionalizatuagoa dago, baina ekonomikoki oso kirol pobrea da. Markak eta sare sozialak sartzen ari dira kirol honetan, baina nik uste dut urruti gelditzen zaidan zerbait dela. Niretzako hobby bat da, disfrutatzeko egiten dut, eta nire egunerokotasunetik deskonektatzeko.
Nola entrenatzen duzu?
Astean zehar, denboragatik asfaltoan entrenatzen dut, Txokoalden, Zubietan eta inguru horietan, eta asteburuetan mendira joateko aprobetxatzen dut.
Euskal Herritik kanpo ere lehiatzen duzu?
Mundu guztian zehar lehiatu dezakezu mendi lasterketetan. Nire kasuan, Euskal Herrian lehiatzen dut, munduko lasterketarik politena hemen dugulako: Zegama-Aizkorri. Baina Pirineotan, Andaluzian, Katalunian ere lehiatu izan dut. Soronea-Ammma taldean nago, eta taldeka lehiatzen dudanean haiek ordaintzen dizkidate bidaiak. Bakarrik noanean nik ordaintzen ditut.