Emakumeak eta kirola

"Eskubaloiak asko ematen du eta aukerak baliatu behar dira"

Asier Gonzalez de San Pedro 2025ko urr. 3a, 11:00

Estitxu Berasategi Eizagirre (Zubieta, 1999) Malagan bizi da duela urte batzuk, baina Usurbilen falta sentitzen du. Emakumeen kirolean oraindik gauzak hobetzeko daudela onartu du.

Nola ikusten duzu emakumeen kirola?

Eskubaloian indarra hartu dugu lan-baldintzetan. Profesionaltasunean aldaketak eta aurrerapenak egon diren arren, lan-baldintzak gizonekoenetik eta beste kirol batzuetatik oso urruti daude.

Zer uste duzu izan dela gorakada hori ekarri duena?

Jokalari bakoitzak haren klubean egin duen lana, eta asoziazioa ere badago. Nik uste gehiago borrokatu dezakegula, eta guk ahal duguna egiten dugu. Sare sozialetan eta telebistan pixkanaka gehiago ikusarazten dute.

Arazorik izan duzu kirolean emakumea izategatik?

Ez, nire kasuan ez. Iruzkinen bat entzun izan dut nire ibilbide osoan zehar, baina zehazki nik ez dut arazorik eduki.

Eskubaloian zentratuz, denboraldi berria hasi berri duzue, zer helburu dituzue urte honetarako?

Hiru txapelketa ditugu jokoan: liga, Erreginaren Kopa eta Europako txapelketa. Hirurak irabaztea ikaragarria litzateke, baina ahal bada, tituluren bat irabaztea litzateke erronka. Azken bi urteetan, hemen, Malagan nagoenetik irabaztekotan ibili gara baina ez dugu lortu.

Duela gutxi kontratua berritu duzu taldearekin, etorkizuneko proiektu bat bezala ikusten duzu?

Laugarren urtea beteko dut hemen. Lehen biak egokitzeko izan ziren, eta orain beste bi urteak beste paper batetik jokatuko ditut. Orduan bi urte hauetan ikusiko dut zer moduz, ea gehiago eskaini diezaiokedan klubari ala ez... Hori guztia ikusiko dut, beraz, bi urte horiek hemen igaroko ditut.

Herrimina sentitzen duzu?

Bai. Ahal dudanean hara joaten naiz, eta motz gelditzen zait. Joaten naizen guztietan beso zabalik hartzen nau herriak eta oso gustura ibiltzen naiz. 

Euskal Herritik kanpo jolasten duzu. Espainiatik kanpo jolasten ikusten duzu zure burua?

Printzipioz ez. Gainera, uste dut orain arte pauso hori ez badut eman orain ez dudala emango. Ez dut inongo momentuan salto hori emateko beharra. Pixkanaka noa eta gustura nago, baina ez dut baztertzen ez dakizulako bizitzak zer ekarriko dizun. Baina printzipioz ez da nire buruan dagoen ideia bat. 

Iaz, ligako defentsa onenaren saria irabazteko proposatu zintuzten. Zer sentitzen da horrelako egoeretan?

Eskertzen da nola jendeak lan hori ikusten duen. Gainera, defentsa postua agian besteak baino gutxiago ikusten da, eta batzuetan ez zaio garrantzirik ematen. Eta zure izena hainbeste jokalariren artean ikusteak, ilusioa egiten dizu.
Esan daiteke, aurtengo helburu pertsonaletako bat izan daitekela hori ere? 

Horrela pentsatuta, agian bai. Nik ahal dudan hoberena egingo dut partiduetan eta entrenamenduetan. Gero, ongi etorria izango da saria. 

Zer esango zenioke eskubaloian hasi berri den neska gazte bati?

Batez ere disfrutatzeko. Eskubaloiak asko ematen duela eta ikasketa guztiekin gelditzeko eta aukerak aprobetxatzeko.