Emakumeak eta kirola

"Telebistan ateratzen garelako jendeak uste du profesionalak garela"

Asier Gonzalez de San Pedro 2025ko urr. 10a, 11:00

Miriam Arrillaga (Aginaga, 2000) txikitatik dabil pilotan jolasten, nahiz eta denbora batez utzi egin behar izan zuen mutilen aurka bakarrik lehiatzen zelako. Orain neska gehiago daudela aitortu du.

Nola ikusten duzu emakumeen kirola?

Nik uste jendea gehiago ari dela animatzen, eta pilotaren kasuan, geroz eta neska gehiago datoz atzetik. Nik garai batean eskuz jolasteari utzi izan behar nion neskarik ez zegoelako, eta palara pasa nintzen. Gaur egun, neskek haien artean jolasten dute. Beste kiroletan ere geroz eta ikusgarriagoak direla iruditzen zait, geroz eta jende eta kirol ezberdin gehiago, eta pozgarria iruditzen zait.

Zer uste duzu izan dela gorakada hori ekarri duena?

Lehenago batzuetan emakumeak kirola egitea gaizki ikusita zegoen. Jendea animatu da kirola egitera, eta disfrutatzen dute kirola egiten. Norberak egin du bere bidea eta haien artean harremantzen lortu da.

Arazorik izan duzu kirolean emakumea izategatik?

Bai, mutilen kontra jokatzen nuenean jendearen iruzkinak entzuten nituen, adibidez, "neska baten aurka galdu duzu" gutxiago nintzela pentsatuz edo ez nuela balio pilotan ibiltzeko. Horrelakoak entzun nituen iraganean eta tristea da. Gaur egun ez ditut aditzen.

Zer erantzungo zenieke emakumezkoen kirola eta gizonezkoena desberdina dela esaten dutenei?

Kirola berdina da, jokatzeko era da desberdina eta pilotak ere desberdinak dira. Kirola pilota da. Nik ere ikusten dut desberdina dela mutilek maila altuagoa dutelako. Baina gu gora egiten saiatzen ari gara, ahal den maila hoberena lortzen eta gure aldetik ahal den gehiena jartzen.

Profesionalizatzen ari zarete?

Telebistak asko egiten du, eta telebistan ateratzearekin jendeak uste du profesionalak garela, eta ni, behintzat, ez naiz profesionala. Profesional izatea pilotatik bizitzea da niretzat, eta ni ez naiz pilotatik bizi. Profesionalizazioaren bidean goaz, baina oraindik asko gelditzen da. Bai guk bai gizarteak lan egiten jarraitu behar dugu, eta ez dut uste ni profesional izatera iritsiko naizenik.

Arlo pertsonalean, zer moduz doa denboraldia?

Ni azken asteetan kolpe batzuk jasota nator. Plazandreak txapelketan bi partidak galdu nituen. Iaz txapelketa irabazi nuen eta aurten txanponaren beste aldea egokitu zait. Alde horretatik ez oso ondo, baina nahiko txukun joan da nahiz eta hobetu daitekeen.

Zer esango zenioke eskubaloian hasi berri den neska gazte bati?

Nik animatu egingo nuke. Berak ikus dezan zer den pilota, ikusteko berak disfrutatzen duen ala ez. Nik neska gazte batzuk entrenatzen ditut eta ilusioa egiten dit. Gainera, bidea eginda dutela ikusten dut eta pilota utzi gabe bidea egin dezaketela. Nik asko animatzen ditut.

Eta zer esango zenioke txikitako Miriami?

Nik ikaragarri disfrutatu dut eskola aurretik, eskola eta gero eta gauez. Orain beste maila batean nago eta desberdin ikusten dut. Baina disfrutatzen jarraitzeko esango nioke, eta disfrutatzen ez duen momentua iristean beste kirolen bat probatzeko esango nioke.