Emakumeak eta kirola

"Herri kiroletan emakumeen presentzia areagotu egin da"

Asier Gonzalez de San Pedro 2025ko urr. 17a, 07:00

Jugatx Agirre Zubizarreta (1988) Euskal Herrian egin ohi diren sega txapelketak alde batera utzi, eta nazioarteko lehiaketetako sega modalitatean parte hartzen du.

Nola ikusten duzu emakumeen kirola?

Nik uste emakumezko gehiagok egiten dutela kirola orain. Orokortasun batean galdu egiten naiz, baina herri kirolei dagokienez, emakumeen presentzia areagotu egin da.

Zergatik uste duzu eman dela gorakada hori?

Lehen herri kiroletan lan luzeak egiten ziren, eta orain lanak moztu egin dira eta pisuak jaitsi dira. Horrek, emakumeak herri kirolak praktikatzea erraztu du eta parte hartzea handitzea.

Herri kirolak maskulinizatutako kirolak izan dira beti. Herri Kirolak ere aldatzen ari diren zerbait dira?

Oraindik maskulinizatutako kirolak dira. Emakumeen presentzia are eta gehiago da, baina, adibidez, epailetzan emakumeen parte hartzea ia ez dago. Eta gure kasuan, segan, laguntzaile edo arraiztaile emakumerik ia ez dago. Gero eta gehiago daude, baina hala ere, gauza oso puntuala da.

Orain sega erdigunean jarrita, zer moduz joan da denboraldia?

Egia esan, aurten ez dut denbora askorik izan entrenatzeko. Egia da aurten abuztuan Europako txapelketa egin da eta gure liga ere aurreratu da. Horrek ekarri duena da hiru saio horiek epe motz batean egin behar izatea. Emaitzarekin pozik nago, eta indartsu ikusten nintzen, baina nahi nuena ez dut lortu.

Arazorik izan duzu segan emakume izateagatik?

Ez, segan nabilenetik behintzat emakume izateagatik ez dut inongo iruzkinik edo antzekorik izan.

Ligan parte hartzeaz gain, apustuak ere egiten dituzue?

Guk egiten dugun segakera ez da Euskal Herrian orain arte egin izan dena, eta nire kasuan, nazioartean egiten den lehian parte hartzen dut. Lana laburragoa da, 35 metro karratu ebakitzen ditugu ahalik eta azkarren eta txukunen. Euskal Herrian ordu-erdi edo ordubeteko saioak izaten dira eta kiloak zenbatzen dira. Kilokakoan taldea behar da, eta guk egiten dugun bezala gu bakarrik atera gaitezke eta jarraitzeak errazten du.

Bakarka egiten duzue lan?

Bai, bakarka egiten dugu lan. Egia da orain dela hiru urte binakako sega sail txapelketa egiten hasi ginela. Hemen sortu den modalitate berri bat da, eta nazioarteko era eta hemengoa nahasten dituen txapelketa da.

Zaleei dagokienez, oraindik zaletasuna sustatzen du segak?

Garai bateko irudiak daude eta jende asko joaten zen. Gaur egun gu joaten garen ekitaldietara ez da jende askorik joaten. Baina gaur egun dagoen kirol eta eskaintza kulturalarekin ezin zara toki guztietara joan. Hala ere, sega bizirik dago.

Zer esango zenioke segan hasi nahi duen emakume bati?

Probatzeko. Milaka kirol daude, eta batzuetan kirol batean hasten zara eta ez zaitu erakartzen. Baina azkenean gogoko kirol bat topatzen duzunean motibatzen zaitu eta helburuak jartzen dituzu.