Emakumeak eta kirola

"Emakumeon lasterketetan geroz eta tropel handiagoa gara"

Asier Gonzalez de San Pedro 2025ko urr. 31a, 11:00

Irati Aranguren txirrindulariak (2007) denboraldia espero baino hobeto joan dela aitortu digu, hasieratik izan duela taldekideen eta taldearen babesa.

Nola ikusten duzu emakumeen kirola?

Pixkanaka gora egiten ari da. Oraindik gauza asko daude hobetzeko, baina pixkanaka mutilerena berdintzen ari da, eta jende gehiago ikusten da nesken kiroletan animatzen.

Zergatik uste duzu eman dela gorakada hori?

Kanpotik jendeak lan egin duelako kirola aurrera bultzatzeko, eta neska gehiago parte hartzera animatu direlako.

Txirrindularitzan ere aldaketa hori ikusi duzu?

Lasterketetan geroz eta tropel handiagoa gara. Hasieran nahiko talde txikia ikusten zen, eta orain, beheko kategorietan talde askoz handiagoak sortzen ari direla ikusten da.

Sariak diferenteak dira?

Sarien aldetik ez, baina distantziak diferenteak dira, eta dexentekoak dira. Baina orokorrean, baliabideak antzekoak dira.

Arazorik izan duzu emakume kirolaria izateagatik?

Lekuz kanpoko iruzkinik... Nik ez dut horrelakorik izan. Familiaren aldetik eta lagunen aldetik laguntza handia jaso dut, eta ez dut zailtasunik eduki. Lasterketetan, taldearen aldetik, ere ez dut inoiz arazorik eduki.

Zer moduz joan da denboraldia?

Uste baino hobeto joan da. Espero nituena baino garaipen gehiago lortu ditut eta balorazio oso positiboa egiten dut denboraldi osoarena.

Zenbat lasterketetan lehiatzen duzu?

Ia astebururo lasterketa bat edo bi izaten ditugu. Aste Santuan lasterketa gehiagotara huts egin nuen deskatsatu ahal izateko, baina bestela, astebururo lehiatu naiz.

Zer sentitzen da Espainiako Kopa irabaztean?

Lan handi baten emaitza da. Denboraldi hasieran taldea nitaz fidatu zen Espainiako Kopa lehiatzeko. Lasterketa guztietan lehenengo momentutik izan nuen haien laguntza bai zuzendariaren aldetik baita taldekideen aldetik ere. Azkenean, asko entrenatzen dugu helburu horiek lortzeko, eta niretzako poztasuna izan da.

Nola funtzionatzen du Espainiako Kopak?

Aurten zazpi lasterketa izan dira, eta horietan lortutako postuen arabera puntua eskuratzen zoaz. Azkeneko lasterketan puntu gehien lortzen dituenak irabazten du Espainiako Kopa.

Zer esango zenioke txirrindularia izan nahi duen neskatxo bati?

Animatzeko eta beldurrik ez izateko. Niri hasieran anaiak animatu ninduen, eta agian, hasieran animo falta hori izan dezake. Baina behin hasita nik gustua hartu nion. Bizikletan ibiltzen den inguruko jendea ezagutzen duzunean, gogo hori ez zaizu kentzen. Disfrutatzeko kirol bat da, eta pixkanaka hobetzen joaten zara.

Sufrimenduaz disfrutatzen da?

Egia da asko sufritzen den kirol bat dela, eta neguan entrenamenduak gogortu egiten dira eguraldiagatik. Baina gustatzen bazaizu, asko disfrutatzen da.