Usurbil eremu tentsionatuan

Pikaola eta Agerreazpi eremuak garatzeko lankidetzarako proposamena

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 30a, 12:16

Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatu du behin betiko Usurbil, ostegun honetako Estatuko Aldizkari Ofizialaren bidez kaleraturiko ebazpenarekin. Albiste hau berrestearekin batera, Eusko Jaurlaritzari Pikaola eta Agerreazpi eremuak lankidetzan garatzeko proposamena egina diola jakinarazi du Usurbilgo Udalak.

Martxoa amaieran egin zuen Usurbilgo Udalak udalerri hau etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendatzeko eskaria. Horretarako, besteak beste, alor honi lotutako diagnosia eta hiru urterako ekintza plana landu eta aurkeztu behar izan zituen. Irailaren 12an heldu zen Eusko Jaurlaritzaren baiezko erantzuna; izendapena onartzen zuela zioen Etxebizitza eta Hiri Agenda sailaren oniritzia.

Ebazpena indarrean sartzeko, ordea, Espainiako Gobernuaren baiezkoa falta zen eta ostegun honetan, urriaren 30ean heldu da. Erakunde horren Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak beste hiru udalerrirekin batera (Bilbo, Gasteiz eta Astigarraga) Usurbil etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremuan txertatzeari baiezkoa eman dio, eta erabaki horrek izendapen hau behin betikoan bilakatu du. Bihar, hilaren 31n, sartuko da indarrean hiru urterako.

Izendapena indarrean jartzearekin batera, izendapen horrek dakartzan neurriak ere martxan jarriko dira hiru urtez ostiraletik aurrera. Izan ere, Udalak azaldu moduan, alokairu prezioak kontrolatzeko bi mekanismo aktibatuko dira bihartik aurrera:

1 Alokairuaren erreferentzia-indizea
Zein kasutan aplikatzen da?
-Edukitzaile handien jabetzako etxebizitzen kontratuetan (5 etxebizitza edo gehiago eremu tentsionatuan)
-Etxebizitzen merkatuan lehen aldiz sartzen diren higiezinen kontratu berrietan.
-Azken 5 urteetan alokatu gabe egon diren etxebizitzen kontratu berrietan.

Espainiako Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak ezartzen du erreferentzia-indizea, hiru foru-ogasunekin lankidetzan. Jabea edukitzaile handia ez bada, alokairu berriak ezin du etxebizitzarako erregistratutako azken kontratua gainditu, eguneratze-indize berriak (IRAV) doituta.

2 Alokairu-errenten eguneratze-indizea (IRAV)
Tentsionatutzat jotako eremuetako alokairu kontratuei aplikatzen zaie, eta KPIa ordezkatzen du, kontratua indarrean dagoen bitartean errenta urtero berrikusteko, maizterra igoera handietatik babestuz. Errentaren urteko berrikuspenera ere zabaltzen da, kontratua indarrean duten maizterrek erabil dezaketen ezohiko luzapen-aldian.

Ondorio zuzenak alokairuen prezioan:
1 Prezioak mugatzea.
2 Prezioak bere horretan geratzea kontratuak berritzean.
3 Alokairu eskuragarrietarako pizgarriak.
4 Inpaktua merkatuan.


%19,9ko garestitzea alokairuan
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailetik berri emana dutenez, "Usurbilgo udalerria eremu tentsionatu izendatu da, batez ere azken 5 urteetan alokairuaren batez besteko prezioa % 19,9 igo delako, % 17 gaindituz (KPI + 3 portzentaje-puntu), hori baita legeak kalifikazio hori lortzeko proposatzen duena".

Datuokin, "herriak gero eta etxebizitza eskuragarri eta babestu gehiago eskatzen ditu". Bide horretan, Usurbilek landutako "Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriak anbizio handiko etorkizuna ezarri du: 715 etxebizitza berri 2028ra arte, eta horietatik % 62 (443) babestuak izango dira. Apustu horrek indartu egiten du udalerriak egoitza-eredu inklusibo batekin duen konpromisoa, tokiko biztanleek etxebizitza arrazoizko prezioetan eskuratzea bermatuz".

Jaurlaritzaren arabera, "neurri horiek etxebizitzaren merkatua orekatzea, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzea eta maizterrak babestea dute helburu, eta, aldi berean, pizgarriak eskaintzen zaizkie jabeei epe luzeko alokairua sustatzeko eta arrazoizko prezioetan".


Bi eremu garatzeko proposamena
Usurbilgo Udalak erabaki hau berrestearekin batera, gogorarazi du proposatua diola Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari udalerri honetako "bi eremuren garapenerako hitzarmena sinatzea: Pikaola eremuan, udala lurzoruaren %54ren jabe da, eta bertan 30 etxebizitza sozial egiteko aukera dago, eta Agerrrazpin, 30-35 zuzkidura etxebizitza egiteko aukera. Bi eremu horiek lehentasunezkotzat joak ditu udalak".