Nola ikusten duzu emakumeen kirola?
Geroz eta indar gehiago hartzen ari dela uste dut, baina oraindik hobekuntza dezente egiteko ditu.
Ahizpa txirrindularia duzu. Zu futbolaria zara. Futbolak akaso oihartzun handiagoa du?
Nik uste futbola dela gehien ikusten dena, eta beste kirolekin alderatuta geroz eta pauso handiagoak ari dira ematen. Nabaritzen da beste herrialde batzuekin alderatuta, garapen handia ari dela edukitzen.
Zergatik uste duzu ematen ari dela aldaketa hori?
Lehenago ez zelako hainbeste ikusten, eta orain, agerikotasuna ematen ari zaio hedabideetan.
Arazorik izan duzu emakume kirolaria izateagatik?
Ez, inoiz ez.
Nola izan da zure orain arteko ibilbidea?
Usurbilgo futbol eskolan hasi nintzen, gero eskola kirolean futbola egiten nuen, Usurbilen kadeteetan urtebete egin nuen, eta gero beste talde batera joan nintzen.
Aurrerapauso bat izan da Reala utzi eta Eibarrera joatea?
Nik Realean hirugarren taldean jolasten nuen, Eibarren hirugarren taldearen maila berdinean daude baita bigarren eta lehen taldeak ere. Eibarrek aukera eman dit bigarren talde horretan aurredenboraldia egiteko, eta liga horretan jolasteko aukera eman dit. Horregatik uste dut aurrerapauso bat izan dela.
Zer gomendatuko zenioke futbolean hasi den neska bati?
Beldurrik ez izateko. Agian hasieran ez da eroso sentituko defendatzen. Postu desberdinak probatzen joateko esango nioke.
Zein da zure aurtengo helburua?
Lehenengo helburua uste dut bete dudala. Bigarren taldearekin aurredenboraldia egiteko aukera izan dut, eta partidaren bat jolastu dut beraiekin. Ez nuen beste helbururik.
Gol gehien sartzen dituen aurrelaria izatea helburuetako bat da?
Zaila ikusten dut baina gustatuko litzaidake.
Uste duzu lehen taldera iristen bazara futbolaz bizitzeko aukera izango duzula?
Ez dut uste. Emakumeetan soldata nahiko baxuak dira mutilekin alderatuta, eta orduan, beharrezkoa izaten da beste ikasketaren bat eginda edukitzea beste lan bat egiteko. Profesionalizatzeko pauso asko eman behar dira oraindik.
Taldeak zein helburu du?
Bigarren eta hirugarren taldearen helburua maila mantentzea da, ez baita erraz izaten hori lortzea.
Arrasatera entrenatzera joatea kosta egiten zaizu?
Hemen (Usurbilen) jolasten nuenean oinez igotzen nintzen entrenatzera, eta Realean nengoenean taxia jartzen ziguten. Orain, Areitiora joateko Zarautzera joaten naiz trenez, eta handik beste batzuekin kotxez joaten naiz. Hala ere, merezi duela uste dut.