Ixabel Agirresarobe: Arantzazu, esaiguzu, nolatan hasi zinen lantxo hau egiten?
Arantzazu Aranburu: Ba begira, aspalditxoan, irakurri gabe nuen lantxo hau. Eta noizkoa zen ere, ahaztuta nuen. Gogoan dut, egin nuenean, Antton anaiari pasa niola lantxoa. Eta e-maila jasoa dudanez, begira jarri nintzen eta data topatu nuen. Hain zuzen, 2020ko abenduaren 19an anaiari bidali nion idatzia, esanez, “aurtengo Euskaraldiak hontara eraman nau. Lantxo hau hartu dut eta hitzak datozkidan bezala jasotzen ari naiz. Ez dakit ezertarako balioko duen, baina hor gelditzen da”. Horixe izan zen hasiera.
Arantzazu Aranburu: "Horrelako zerrenda bat ez da egun batetik bestera osatzen. Lantxo bat hartu nuen"
Ixabel: Egun batzuk eman zenituen koadernoa osatzen, ala ri-ra batean egin zenuen?
Arantzazu: Egunetan eta egunetan aritu nintzen. Horrelako zerrenda bat ez da egun batetik bestera osatzen.
Zeregin hau jarri nion nire buruari: garai bateko esaerak, esamoldeak, zirtoak... batzea. Orain ze gutxi esaten diren, ezta? Guk, gure garaian, hitzetik hortzera entzuten genituen halakoak. Eta nire artean, horiek denak jasotzea ez legoke gaizki. Beraz, orri bat hartu, boligrafoa alboan jarri, eta etorri ahala, etorri ahala, idazten hasi nintzen. Eta holaxe osatutako sorta da.
Ixabel: Alegia, bilketa horren beharra zegoela sentitu zenuela. Galtzeko arriskuan zeudela esamolde asko eta asko.
Arantzazu: Gustagarria zait idaztea, eta gustagarria zait irakurtzea. "Polita izan leike hau jasotzea", esan nion nire buruari. Probetxuzkoa izango den edo ez, ezin jakin. Baina, bego. Eta horrela hasi nintzen. Ez dakit zenbat diren jaso nituenak.
Arantzazu Aranburu: "Lehen hitzetik hortzera entzuten ziren halako esaerak. Orain oso gutxi erabiltzen dira"
Mordoxka bat. Eta ze ederra izaten den, azalpenetan luzatu beharrean, rau!, hitz batekin edo birekin dena esatea. Gainera, nahi duenak segituan ulertuko du, ezta?
Arantzazu: Hala da. Anaiak bueltan erantzun zidan: "ederra lantxoa, mereziko luke zerrendatzea, alfabetikoki jartzea, hitz bakoitzaren testuingurua ezagutzea... Eta NOAUA!ra eramatea". Eraman nuen, eta Usurbilgo Udaletxeko kultur sailara ere bidali nuen.
Ander Moron orduko teknikariarekin lan txukun bat egin nuen. Hitz bakoitzaren testuingurua zer nolakoa zen galdetzen zidan eta ahalegindu nintzen erantzuten.
Ixabel: Zuen generaziokoek oraindik erabiltzen dituzue horrelako espresio batzuk, baina gazteek ez dakit zenbateraino...
Arantzazu: Asko ari da galtzen, bai. Asko ari da galtzen. Gure aurrekoek oraindik eta gehiago erabiltzen zituzten halako esamoldeak. Guk baino askoz gehiago.
Ixabel: Seguru. Seguru.
Arantzazu: Mota honetako hitzak asko ari dira galtzen.
Ixabel: Babua! Kaikua!,...
Arantzazu: Batzuk gordetzen dira oraindik ere, baina ez hainbeste, ez lehen adina. Ezta gutxiagorik ere.
Ixabel: Ariketa bat egingo dugu. Ea animatzen zaren. Nik botako dizkizut zuk jarritako esapide horietako batzuk, eta ea nola ulertzen dituzun edo azalpentxo bat ematen diguzun.
Arantzazu: Saiatuko naiz.
Ixabel: Hauxe aurrenekoa, Izan da izangore. Zer esan nahi du?
Arantzazu: Ba halakoxea da, eta hala segiko du.
Ixabel: To yok nahi baek ere.
Arantzazu: Nahi ez baduk ere, toyok, toyok. Hartu!
Ixabel: Ok dittuk porru hazik.
Arantzazu: Hau da hau kalamidadea, hau kalamidadea! Tankera horretan.
Ixabel: Au dek aballa.
Arantzazu: Hitzak berak esaten du. Geldi onekoa ez dela behintzat. Abiadura adierazten duena.
Ixabel: Txukun urruti.
Arantzazu: Hau da txukun urruti, hau! Zabar zikina! Zikina denari, txukun urruti hori. Igual zerbait jaten ari zara eta tanta bat erortzen zaizu gainean, txukun urruti alaena!
Ixabel: Adiera o ta ba al da nao.
Arantzazu: Agindu bat eman dut eta agindutakoa ez du bete, ez duela kasurik egin.
Ixabel: Esan da alperrik.
Arantzazu: Ez du kasurik egiten, esanda ere, ez du kasurik egiten eta alferrik.
Ixabel: Zerrikiton!
Arantzazu: Halako zerria, hi!
Ixabel: Saya gootik.
Arantzazu: Ez alferkerian ibili, saiatu zaitez gogotik!
Ixabel: Esan ta okerro.
Arantzazu: Esan eta esan ari naiz eta alferrik da ezer esatea. Egin ezak behingoz.
Ixabel: Hau da lanteia.
Arantzazu: Hau da hau desgrazia, hau da kalamidadea, hau da lanteia...
Ixabel: Noaua! Eamangoaue.
Arantzazu: Distantzia hurbil samarrean dagoenari esaten zaio. Kale batetik bestera doanari.
Pentsa, bat Irazu kaletik eta bestea Etxebeste kaletik joango balira bezala. Urruti antzean dagoenari diosala egiteko modua da. Noaua! Eta besteak erantzun: Eamangoaue.
Ixabel: Ta eaman, noa eamangoue?
Arantzazu: Auskalo. Jakintzazu, esana dago behintzat.
Ixabel: Zure koaderno horretan oinarrituz ikusentzunezko esketx batzuk egin ditugu, zer iruditzen?
Arantzazu: Etzazu esan!
Ixabel: Umoretsuak dira, gainera. Badakizu, gaur egun dena dago pantailan. Eta pantailari begira bizi garenez, gazteengana iristeko modu egokia dela iruditu zaigu.
Arantzazu: Anaiari esan nion bezala, alferrikakoa bada ere... Ba ez da alferrikakoa suertatu.
Ixabel: Ez, alajaina.
Arantzazu: Poza hartzen dut eta eskerrak ematen dizkizuet.
Ixabel: Zuri esker hasi zen hau dena, Arantzazu, zuri esker.
Arantzazu: Elkarlana izan da.
Ixabel: Hitz hauek batzen hasi zinenean, bueltan horrelakorik etorriko zenik imaginatzen al zenuen?
Arantzazu: Ezta pentsatu ere.