Jaio da "Attu!" egitasmoa, garai bateko Usurbilgo hitz eta esamoldeei lotuta NOAUA! Kultur Elkarteak Udalaren laguntzaz ekoitzitako esketxen telesaila. Zortzi atal labur izango ditu. Sorta horretan lehen atala, nola ez, gaur, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunean sareratu dugu, baina jada izan da sail osoa ikusteko aukera izan duenik. Udarregi ikastolako ikasle DBH 3 eta 4 mailetako taldeek izan dute esklusiba horren ohorea, asteazken goiz honetan Sutegiko auditorioan.
Zortzi atalak ikusi aurretik egitasmo honen sustatzaile NOAUA! Kultur Elkartearen eta Usurbilgo Udalaren ordezkariek hartu dute hitza. Izan ere bi eragileok Usurbilgo ahozko ondarea jaso eta hedatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute egunotan. Akordio horren emaitza da "Attu!" egitasmoa.
"Ezagutu eta erabiltzen jarraitzeko"
Proiektuaren abiapuntua azaldu du gaur goizeko Sutegiko ekitaldian, NOAUA! Kultur Elkarteko dinamizatzaile Alaitz Aizpuruak. "Duela urte batzuk Arantzazu Aranburu etorri zen NOAUA! K.E.-ren egoitzara. Usurbilen garai batean erabiltzen ziren hitz eta esamoldeen halako bilduma bat ekarri zigun". Ekarri berritan, "konturatu ginen Arantzazuren altxor hura nolabait jaso behar genuela, zerbait egin behar genuela". Baina nola jaso, hortxe zegoen koska. "Oso barneratua dugu idatzizko hori dela jasotzeko neurri garrantzitsu bat, baina kasu honetan konturatzen ginen ahozkotasunak duela garrantzia. Askotan, esamolde horiek ez dira adierazten ditugun moduan idatzita jasotzen, euskara batura pasatzen ditugu".
Egitasmo honek ahozkotasunaren ikuspegitik zuen garrantziaz jabetuta, ikus-entzunezko proiektuan bilakatu da. Usurbilen erabilitako hitz edo esamoldeok belaunaldi gazteenarengana heltzeko, haien artean zabaltzeko, arbasoengandik jasotakoa transmititzeko, eta honenbestez, "zuek, gazteok ere ezagutu eta erabiltzen jarraitzeko", ikus-entzunezko esketxen formatua baliatu da egitasmo honetarako, "modu zuzen eta azkarrena" egungo gazteenengana iristeko. Hala, Aizpuruak azaldu bezala, "gaur aurkeztuko dizuegun proiektu horretan, Arantzazuk jasotako Usurbilgo hitz eta esalmoldeak zuengana modu arin, dibertigarri eta fresko batean iristea da helburua".
Kultur elkarte honetako ordezkariak eskerrak helarazi nahi izan dizkie egitasmo honetan bidelagun izandakoei. hasteko, "Arantzazuri. Ugaitz Agirre gidoilari gisa aritu da eta aktore moduan Malen Arregi eta Malen Azpiazurekin batera. Ixabel Agirresarobe aritu da zuzendari artistiko moduan eta Luis Jambrina errealizadore gisa". Era berean, Udalaren babesa nabarmendu du Aizpuruak, "batetik gure proiektuarekin bat egin zuelako eta baita ere diruz lagundu gaituelako".
"Ahozkotasuna sustatzeko"
Usurbilgo Udalak ere bat egin du Euskararen Nazioarteko Egun honetan Sutegin aurkezturiko proiektuarekin. "Egitasmo honen helburu nagusia zen Usurbilgo ahozko ondarea jasotzea. Usurbilgo herri hizkera jaso eta hedatzeko ahaleginetan kokatzen genuen proiektu hau", euskara zinegotzi Maialen Iñarrak Sutegiko ekitaldian azaldu duenez.
Ordurako, gobernu taldeko ordezkariak gogora ekarri duenez, "gure egitasmoen artean ere ahozkotasuna sustatzeko lan lerro bat martxan jartzearen ideia genuen. NOAUA! K.E.-k egitasmo hau aurkeztu zigunean, bete-betean kokatu genuen lan lerro honen barruan". Lehen urratsak emate aldera, "egitasmo polita iruditu zitzaigun, hain justu, Usurbilgo jende helduaren eskutik iristen zitzaizkigun euskarazko esamolde horiek batzeko zeregina dagokigulako eta behin batuta, gazteagoak diren herritarren artean zabaltzea. Zubi-lan horiek egitea dagokigula uste dugu".
Proiektu honen abiapuntua izan zen Arantzazu Aranburuk egindako garai bateko hitz eta esamoldeen bilketa lana. Herrikidea eskertu du Iñarrak horrren balioa nabarmentzearekin batera. "Adierazpen horiek guztiak hizketan ahoskatzen diren modu horretan jasota daude" orain. Egitasmoaren izena, "Attu!" bera ere bada "egitasmoaren seinale, iruditzen zitzaigulako ahozko hizkera hori guztia ikus-entzunezkoen bidez errazago landu edo transmititu zitekeela".
Izan ere, Iñarrak oroitarazi bezala, pantailen eta ikus-entzunezkoen garaian bizi gara. "Egia da, gure pantailetan euskarak ez du gure egunerokoan edo kaleetan daukan presentzia adina. Pantailetan gutxiago ikusten ditugu euskarazko edukiak". Horregatik, Sutegin zioenez, gaur aurkezturiko egitasmoa "izan dadila mundu digital horretan euskarari Usurbildik egiten diogun beste ekarpen bat", zergatik ez, erantsi duenez, "ekarpen dibertigarri bat". Hurrengo asteotan plazaratuko diren bideoak "zuen sareetan zabaltzera eta komentatzera" gonbidatu ditu gazteak Iñarrak.