Jaio da NOAUA! Kultur Elkartearen "Attu!" egitasmoa, Euskararen Nazioarteko Egun honetan. Goizean aurkeztu dute kultur elkarte honek eta Udalak Udarregi ikastolako DBH 3 eta 4 mailetako ikasleekin Sutegin eginiko ekitaldian. Arantzazu Aranburuk Usurbilgo herri hizkeran baliatzen ziren garai bateko hitz eta esamoldeak bildu nahi izan zituen. Proiektu hura umorezko zortzi esketxeko ikus-entzunezko egitasmoan bilakatu da azkenean.
Euskararen Nazioarteko Egun honetako ekitaldian zen Aranburu bera. Transmisioan arreta jarria duen proiektua gazteenei aurkeztu ostean, esketxak proiektatu eta gero hartu du hitza herrikideak. Duela zenbait Euskaraldi sortu zitzaion ideia, gaur gogora ekarri duenez. "Euskaraldi honetan zer egin nezake?", galdetu zion bere buruari. Horratx emaitza. Proiekzioa ikusita, honatx bere lehen hitzak: "kontxo-kontxo, hau da ezustekoa!".
Harritua
Segidan, aipatu moduan, duela zenbait Euskaraldi garai bateko hitz eta esamoldeak biltzea bururatu zitzaion. Artean, "alferrikako lana izango dut" esaten omen zuen, "baina goazen", aurrerantz jo zuen ideia harekin. Bidean, "pixkanaka-pixkanaka uste baino sorta handiagoa atera zen. Anaia Anttoni bidali nizkion hitz horiek eta esan zidan; gauza ederra da, zoaz NOAUA!ra". Esan eta egin. Kultur elkarte honetara jo zuen, baita udal kultura sailera ere, egindakoaz berri ematera. "Ezertarako balio badu, hor geratzen da", adierazi zien batzuei eta besteei Aranburuk. Ordutik urte batzuk igaro dira eta gaur, "gutxiena uste nuen halako hedadura izango zuenik" agertu da harrituta Sutegiko oholtza gainean.
"Denon artean zerbait egin dezakegu"
Bere hitz bilketa esketxen logikara ekartzeko zubi-lana egin duenetako bat egitasmoaren alderdi artistikoa zuzenduriko beste herrikide bat izan da, gaur Sutegiko oholtza gainean egon dena; Ixabel Agirresarobe. "Opari ederra eskaini zidaten eta gustura hartu nuen. Barre dezente egin genuen", oroitu du Agirresarobek aurkezpen ekitaldian.
Aktore lanetan jardundakoei merezitako gorazarrea egin die. "Txintxo-txintxo egin zidaten kasu. Sorpresak izan ziren, ze hitz batzuk ez zituzten entzunak aktoreek, asmatutako hitzak zirela uste zuten". Agirresaroberentzat bai ezagunak ziren hitz eta esamoldeok. Esketxak umoretik grabatu eta umoretik eskainiko dizkiote herri honi. "Artzabalgo ganbaran grabatu genuen hartan, nahiko barre egin genuen. Askotan pentsatzen ari ginen japonieraz hitz egiten ari ote ginen; baina ez, euskaraz ari ginen".
Sortze prozesua bera jarri nahi izan du balioan Agirresarobek. "Azkenean norberak badauka zerbait kontatzeko, esateko, partekatzeko. Hemen, denon artean zerbait egin dezakegu. Batez ere, ikusita hizkuntza hau bizia dela, denon artean indar gehiago eman diezaiokegu. Hemen, espero ez den pertsonak ere badu zerbait sortzeko gaitasuna, bakarrik ez bada norbaitekin. Askotan, ordea, harremanak falta ditugu eta lasai ederrean elkartuko bagina...". Gaurko ekitaldian bertan burua lanean hasia zuen Ixabelek. "Burua martxan hasi zait, zer egingo genukeen hemendik abiatuta eta jende gaztearekin nahiko nuke egin. Inork har hori badu, hurbildu dadila eta hitz egingo dugu".
"Hizkuntza guztiak biziak eta aldakorrak dira"
Usurbilgo herri hizkeran erabili izan diren hainbat hitz eta esamolde erabat galtzeko kezkarik ba ote duen galdetuta, ezetz erantzun du Aranburuk. "Beldurrik ez. Hizkuntza guztiak biziak eta aldakorrak dira. Garaian garaiko hizkeran hitz egiten da. Guk ez dugu hitz egiten gure gurasoek bezala, gutxiago aiton-amonek hitz egiten zuten bezala. Garaiak aldatzen doazen bezala, hizkuntza ere aldatzen doa. Modu desberdinean hitz egiten dugu eta hitz asko eta asko galtzen dira, historiarako gelditzen dira".
Halere, honatx Aranburuk helarazi nahi izan duen mezua, ekitaldi amaieran: "ahal ditugun hizkuntzak ikas ditzagun, baina denen gainetik euskara bizi, euskara aberastu, euskaraz gure artean hitz egin. Gora euskara eta Euskal Herria!".